Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko Fermin Otamendi epailearen arabera, iazko sanferminetako txupinazoan ikurrin erraldoia jarri izanak, milaka lagun "arrisku larrian" jarri zituen. Hori dela eta, "delitu zantzuak" ikusi ditu epaileak. Fiskaltzak eta ekintzaren harira inputatutakoen defentsak hamar eguneko epea dute epaiketa bat hastea eskatzeko, edo auzia artxibatzea eskatzeko.
Iazko uztailaren 6an, 5,5 metro luzeko eta 6,5 metro zabaleko ikurrina eskegi zuten Udaletxe plazan. Otamendiren esanetan, ikurrina jartzeak atzerarazi zuen txupinazoa, eta horrek plazan zegoen jendea arriskuan jarri zuen: "Batetik, ekintzaren ondorioz plazan zegoen jendetzan sortutako mugimendu handiarengatik, eta, bestetik, ikurrina eroriz gero gertatu zitekeenarengatik".
Ikurrina eskegitzeko ekintzaren harira, zazpi lagun daude inputatuta eta hilero hilero joan behar dute auzitegira, sinatzera.
Bestalde, epaile berak beste bost lagunen aurkako prozedura bat jarri du martxan egun berean udaletxe plazan euskal presoen aldeko banderak sartzeagatik. Plazara "bultzaka eta jendeari joz" sartu zirela-eta "desorden publikoa" egozten die bost lagunei.