Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Zaldibarko zabortegiaren luizia eta bi langileen desagerpena ikertzen hasi da epailea. Hain zuzen ere, instrukzio epaileak aldez aurreko diligentziak zabaldu ditu, erabakitzeko ea ingurumen eta lan arloko delituak egin ote dituen zabortegiaren enpresa kudeatzaileak.
Erkorekak, gainera, salatu egin du enpresaren jarrera. Orain arte krisia eragin duten arrazoiak argitzeko enpresak administrazioarekin izan duen harremana "nabarmen hobetzeko modukoa" dela jakinarazi du Jaurlaritzako eledunak. Bi arlotan aipatu ditu gabeziak Erkorekak: lan ikuskaritzarekin izandako trukeetan eta ingurumen ikuskaritzarekin izandakoetan.
Jakinekoa denez, Verter Recycling 2002 SMk kudeatzen duen zabortegia erori egin zen joan den ostegunean, eta bi langile harrapatu zituen milaka tona hondakin eta lur artean. Beharginak oraindik ez dituzte aurkitu. Luiziaren ostean, enpresaren irregulartasun asko atera dira argitara; besteak beste, ez zuela errespetatzen isurketak egiteko arauak ezarritako hektarea bateko muga. Halaber, amiantoa beste hondakinekin nahasten zuela ere aitortu du Eusko Jaurlaritzak.