Gara egunkariak eman du epailearen eskaeren berri. Kazeta horren arabera, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren buruzagi berriaren nagusi batek —Bilboko ertzain etxeko arduraduna zen Aldekoa Iñigo Cabacas buruan zauritu zuten gauean— aitortu zuen gau hartan jaurtitako pilotak jasotzeko agindu zuela Aldekoak. Ikerketa judiziala oztopatu izan lezake horrela Ertzaintzak.
Jorge Aldekoa Ertzaintzaren Bilboko polizia etxe nagusiko burua zen Iñigo Cabacas hil zen gauean, eta, hortaz, Bizkaiko hiriburuan antolatzen ziren operatiboen arduraduntzat jo izan dute. Ertzaintzako buru nagusi izendatu izanak ezinegona sortu du Iñigo Cabacasen lagun eta senitartekoen artean; ezinegon horrek bultzatu ditu sinadurak biltzeko kanpainari ekitera. Astebetean 6.000 sinadura lortu dituzte, eta urtarrilaren 5erako 10.000 sinadura biltzea dute helburu.
Apirilaren 5ean zauritu zuten gaztea, Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan, eta egun gutxira zendu zen, Basurtuko ospitalean.