Politika

Epaileak ez du bukatutzat eman Kaskagorriko eta Gaztesareako kideen kontrako auzia

Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira, eta gaur ez dute haien kontrako behin-behineko neurririk hartu. Bilboko Aste Nagusian antolatutako omenaldi batean "terrorismoa goratzea" eta "biktimak umiliatzea" leporatua die Dignidad y Justicia taldeak. Epaileak Guardia Zibilari bi erakundeak ikertzeko eskatu dio.

2007ko urriaren 23a
17:48
Entzun
Madrilen Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira gaur goizean Kaskagorri Bilboko konpartsa eta Gaztesarea, Bilboko aurtengo Aste Nagusian egindako Kaskaerrepresaliatuen omenaldian -presoen aldeko ekimena da- "terrorismoa goratzea" eta "biktimak umiliatzea" leporatuta. Bien ordezkariek ez dute deklaratu. Ismael Moreno epaileak ez du gaur haien kontrako behin-behineko neurririk hartu, baina auziak aurrera segitzen du. Morenok, gainera, Guardia Zibilari konpartsa eta web ataria ikertzeko eskatu dio.

Gaurko auzi saioak ez du hamar minutu ere iraun. Kaskagorritik Inmaculada Basabe joan da eta Gaztesareatik Iker Acero.

Kaskagorrik antolatu zuen ekimen hura, eta salaketa jarri zion Dignidad y Justicia taldeak. Kaskagorriren weba Gaztesareako zerbitzarian dagoenez, atari hau ere akusatu egin zuten.

Bilboko ezker abertzaleak elkarretaratzea deitu du gaurko, "erasoa" salatzeko. 20:00etan hasiko da, Etxebarrieta Anaien plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.