Hemezortzi urteko mutil bat eta 55 urteko gizon bat atxilotu dituzte, eta beste bat ere —adingabea— ikertzen ari dira, Fiteron (Nafarroa), hiru adingabe makila handi batekin jotzea egotzita. Erasoa aurreko astean gertatu zen.
Joan den abuztuaren 19an salaketa bat jarri zuten Fiteroko Guardia Zibilaren kuartelean. Horren arabera, 13 eta 17 urte arteko hiru gaztek irain eta eraso islamofoboak pairatu zituzten. Salatu zutenez, Kataluniako atentatuak salatzeko elkarretaratzearen ondoren, establezimendu batera sartzera zihoazen, eta gizon bat bultzaka hasi zitzaien, irainka eta mehatxuka.
Adierazi zuten, halaber, atzera etxera zihoazela auto bat segika izan zutela, eta barrutik bi gizon atera zitzaizkiela. Horietako bat lehenago eraso egin zien gizona zela esan zuten, eta makila batekin jo zituztela salatu.
Eraso horien ondorioz, joan den abuztuaren 21ean bi gizon atxilotu zituzten, eta beste bati buruzko azterketa ere hasi. Nafarroako Auzitegiak jakinarazi duenez, epaileak baztertu egin du gorroto delitua egoztea atxilotuei, eta lesioak egiteagatik ikertuko ditu. Guardia Zibilak, ordea, epailearen erabakia eta gero berretsi egin du gazteek "irain islamofoboak jaso zituztela".