"Nafarroako Gobernuko Presidentetzan, Iruñeko Alkatetzan eta Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzan kargua zutenei zuzendari nagusi gisara dietak estatutuen babesik gabe ordaintzeagatik edo ordaintzeko baimena emateagatik" inputatu du zehazki Maria Paz Benito Iruñeko Instrukziozko 3. zenbakiko epaileak Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi izandakoa.
Autoa kaleratzearekin batera, Goñik deklaratzeko eguna ere atzeratu du epaileak. Etzi 10:00etan zeukan hitzordua, baina maiatzaren 28an ordu berean deklaratzea onartu du inputatuaren prokudaroreak egindako eskaerari erantzunez.
Dagoeneko deklaratu dute inputatu gisara Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak, kutxak emandako dietak kobratzeagatik. Iruñeko alkatearen kasua artxibatzea eskatu du, berriz, fiskalak, eroskeria delitua baztertu ondoren. Hiru horiek CANeko batzorde iraunkorreko kide ziren Yolanda Barcinarekin batera. Barcina ezin dute inputatu Nafarroako Gobernuko presidente izanik, Espainiako Auzitegi Gorenari dagokiolako, ezein epaitegiri egokitzekotan, kasua ikertzea.
UPNko eta PSNko beste sei kargudunek ere deklaratu dute, lekuko gisa.