Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur jakinarazi du Egunkaria-ko auzi ekonomikoko parteei hamar eguneko epea eman diela eskaerak egiteko. Hau da, ahozko epaiketa hasteko edo kasua artxibatzeko eskaerak egiteko, epaileak autoan dioen legez.
Joan Mari Torrealdaik, Txema Auzmendik eta Iñaki Uriak Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten atzo, Egunkaria-ko auzi ekonomikoa dela-eta deklaratzera. Velascok hartu zien deklarazioa, inputatu gisa, eta hirurok epaileari esan zioten ETArekin zerikusirik ez daukatela eta iruzurrik ez zutela egin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru haiek zerga iruzurra egin izana ukatzen duen txostena egin zuen bere garaian, idatzia instrukzioan sartzeko eskatua zuten defentsa abokatuek, eta Velascok epaileak balekoa eman du.
Auzi horren hainbat ekinbide atzera bota zituen Auzitegi Nazionalak duela aste batzuk, Juan del Olmo epaileak hiru lagun haiei ez zielako deklaraziorik hartu auzipetu aurretik. Beraz, auzibidearekin aurrera egiteko ezinbestekoa zen tramitea bete zuen atzo Velascok.
Erabaki horrekin, auzitegiko salak arrazoia eman zion defentsari, Torrealdairen, Auzmendiren eta Uriaren defentsa eskubidea ez dela errespetatu. Hiru horiek Egunkaria-ko auzi nagusian atxilotu (2003ko otsailaren 20an) eta auzipetu zituen Del Olmo epaileak. Geroago (2003ko urrian) etorri zen auzi ekonomikoan ere inputatu egin zituen, baina ez zien deklaraziorik hartu.
Eginbideak errepikatzeko agindu aurretik, zortzi lagun zeuden auzipetuta auzi horretan: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Albisu, Sorozabal, Zubelzu, Furundarena eta Joxe Mari Sors.
Elkarretaratzea atzo
Egunkaria-ri buruzko bi auziak salatzeko, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. 11:30ean hasi zen ekimena, Egunkaria libre! lelopean, eta han izan ziren, besteak beste, auzipetu batzuez gain (Fernando Furundarena, Pello Zubiria, Begoña Zubelzu, Ainhoa Albisu, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Mikel Sorozabal izan dira, pankartari eusten), Lore Leanizbarrutia EAJko senataria, Inaki Irazabalbeitia Aralarreko hautagaia Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, Mikel Izagirre Urnietako alkatea (Gipuzkoa) eta Gipuzkoako batzarkidea EBtik, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Gorka Altuna EHKEko kontseilari ordezkaria, Imanol Murua Uria kazetaria, Joan Mari Irigoien idazlea, Kike Amonarriz telebista aurkezlea, Xebaxtian Lizaso bertsolaria, Kontseiluko ordezkariak...
'Egunkaria auzia'
Epaileak hamar eguneko epea eman die 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoko parteei eskaerak egiteko
Eloy Velascoren autoak dio ahozko epaiketaren hasiera edo kasua artxibatzea eskatu ahal izango dutela. Joan Mari Torrealdaik, Txema Auzmendik eta Iñaki Uriak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo. Hirurek zerga iruzurra egin izana ukatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostena instrukzioan sartuko du epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu