Bizkaiko Auzitegiko epaile batek espetxera bidali du herenegun Bilboko Santutxu auzoan izandako labankada erasoaren ustezko egilea. 10:00etan eraman dute inputatua auzitegira, eta hiru orduz egon da deklaratzen. 31 urte ditu, eta Barakaldon bizi da. Astelehenean bertan atzeman zuten.
Erasoan 65 urteko gizon bat hil zen —Kepa Mallea Olaetxea— eta sei pertsona zauritu —horietako hiru larri daude, nahiz eta haien egoerak egonkortzera egin zuen atzo—.
Bilboko Udalak atzo deitutako bilkura isilean ehunka herritarrek hartu zuten parte. Udala akusazio partikular gisara aurkeztuko da epaiketan.
Santutxu lur jota utzi zuen erasoak astelehen goizean. Gizonezko batek zazpi pertsona labainkatu zituen. Zabalbide kalean bikote bat sastakatu zuen lehenengo, eta hura geldiaraztera hurbildu zirenei zein bidean gurutzatu zitzaizkienei eraso zien ondoren. Errondabide tabernan sartu eta beste bi lagun labainkatu ostean, bizilagunek hura geldiaraztea lortu zuten.