Politika

Epaileak kartzelara bidali du Eneko Galarraga

ETArekin zerikusia izatea leporatu dio Ismael Morenok. Atzo Espainiaratu zuten.

2008ko martxoaren 18a
20:10
Entzun
Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Soto del Real (Espainia) kartzelara bidali du Eneko Galarraga (Villabona, Gipuzkoa; 27 urte), ETArekin zerikusia duelakoan. Frantziako Poliziak atzo goizean atxilotu zuen Galarraga, Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta atzo bertan Espainiako Poliziaren eskuetan utzi zuen, Paueko (Frantzia) dei auzitegiak martxoaren 4an onartutako euro agindua betez.

Galarragak gaua Madrilgo polizia etxean pasatu du, eta goizean eraman dute auzitegira, epailearen aurretik pasatzeko.

Urtarrilaren 24an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Urruñan (Lapurdi). Neska-lagunarekin bizi zen han, eta hurrengo egunean espetxeratzeko agindu zuen Paueko dei auzitegiak. Handik lau egunera, ordea, baldintzapean aske uztea erabaki zuen auzitegi berak. Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroaginduari buruz erabaki bitartean Galarraga aske uztea erabaki zuten. Haatik, martxoaren 4an Espainiak igorritako euroagindua onartzea erabaki zuen Paueko dei auzitegiak, eta atzo Espainiaratu zuen Frantziako Poliziak. Irunera (Gipuzkoa) eraman zuten, eta han Espainiako segurtasun indarrek atxilotu zuten.

Espainiako Justizia 2002. urteaz geroztik dabil Galarragaren atzetik, Zelatu komandoa desegin eta Frantziara alde egin zuenetik. Komando horretan ETArentzat jende berria bilatzea egozten dio Espainiako Justiziak. Horrez gain, "talde armatuko kide" izatea eta "erakunde terrorista" batean parte izatea ere leporatzen diote Espainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.