Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta bost egun pasatu ostean, gaur goizean eraman dute Joxean Barandiaran Andoaingo (Gipuzkoa) alkate ohia Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, eta honek behin-behinean eta baldintzarik gabe kartzelara bidali du, 13:30ak aldera jakin denez. ETAri laguntza ematea egotzi dio.
Inkomunikatuta deklaratu du Barandiaranek, ordubete egon da Morenorekin, eta Soto del Real (Espainia) espetxean sartu dute. Deklarazioaren ondoren inkomunikazioa aldatu diote, eta konfiantzako abokatuarekin une batez hitz egin ahal izan du. Askatasunak dioenez, "oso galdeketa luzeak" jasan ditu egun hauetan, "oso nekatua amaitu du" eta "ez dutela jo esan du". Epailearen aurrean eta Guardia Zibilaren galdeketetan ukatu egin ditu egin dizkioten akusazioak, Askatasunaren arabera.
Barandiaranen lagun eta senideak Madrilera joan dira gaur, baina Espainiako Poliziak ez die utzi auzitegi ondora joaten. Nortasun agiriak kendu dizkie, gainera.
Epaileak erabakia hartu aurretik, Juan Moral fiskalak Barandiaran baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu du, ETAko "zuzendaritzarekin" harremana duelakoan.
Asteazkenean atxilotu zuten, Andoainen, ordu batzuk lehenago Bordelen (Frantzia) hasitako polizia operazioari jarraituz, eta Poliziak maiatzaren 18an Ainhoa Ozaeta eta Xabier Peña ustezko etakideekin Arcachonen (Frantzia) biltzea leporatua dio. Epaileak eta fiskalak ere horixe egotzi diote gaur. Moralek esan duenez, Barandiaranek epailearen aurrean aitortu egin du Ozaetarekin elkartu zela -Andoaingo Udalean elkarrekin lan egin zuten-, baina ez zekiela batzarrean zegoen gizonezkoa zein zen.
Epaileak dioenez, Arcachoneko bilerako hitzordua jarriz Ozaetaren ohar bat jaso zuen Barandiaranek etxean, eta honek karpeta beltz batekin joan behar zuen. Hara iristeko, "segurtasun neurri ugari" hartu zuela esan du epaileak autoan -besteak beste, "bidean hainbat aldiz gelditu zen, Poliziak ez zuela segitzen egiaztatzeko"-. Morenoren arabera, Peñak "euskal estatuaren sistema politikoaz" txostena egiteko enkargua eman zion.
"Ihes egiteko, frogak hausteko eta berriro delitua egiteko arriskua" dagoelako bidali du espetxera Morenok.
Barandiaran eta Ozaeta herritarren inguruan azken egunetan eman diren "sasi bertsio" eta "kriminalizazioak" salatu zituzten atzo Andoainen manifestazioan. Gaur ere egingo dute manifestazioa, 19:00etatik.
1999-2003 legealdian izan zen Andoaingo alkatea Barandiaran, Euskal Herritarrok-etik (EH). Ozaeta alkateorde izan zen, EHtik.
Asteartean hasikotako operazioa
Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako operazioan astearte gauean Peña eta Ozaeta atzeman zituen Bordelen, baita Jon Salaberria eta Igor Suberbiola ustezko etakideak ere.
Bordeleko etxea alokairuan hartzea egotzita Bidarten (Lapurdi) atxilo hartutako Fred Fordek eta etxe hartan atxilotutako lau lagunak larunbatean izan ziren bi epaileen aitzinean, Parisen. Bost lagunak auzipetu edo ez erabakitzeko, "terrorismoaren kontrako" epaile baten aurrean izan ziren aurrena. Horren ostean, beste epaile baten aurrean deklaratu zuten, behin-behinean espetxeratu edo ez erabakitzeko. "Helburu terroristak dituen gaizkile talde bateko kide izatea" leporatuta, bost lagunen aurkako auziaren instrukzioa egiteko ardura Laurence Le Vert eta Yves Jannier epaileen esku utzi du Fiskaltzak, eta ustezko bost etakideak espetxeratzeko eskatu zuen. Lapurreta egitea, nortasun agiriak faltsutzea, armak edukitzea, eta trukatutako matrikuladun autoak erabiltzea ere leporatu die.
Ford, baina, aske utzi zuten, zaintzapean, eta hilero sinatzera joan beharko du. 75 urte ditu.
Politika
Epaileak kartzelara bidali du Joxean Barandiaran, ETAri lagundu diolakoan
Asteazkenean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Bordeleko polizia operazioarekin lotuta, eta gaur eraman dute Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera. Honek Ainhoa Ozaetarekin eta Xabier Peñarekin bildu izana leporatu dio. Barandiaranek ukatu egin ditu akusazioak, eta "oso galdeketa luzeak" jasan dituela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu