Emakumeen kontrako indarkeria

Epaileak kartzelara bidali du Nagore Laffageren ustezko hiltzailea

Gizonezkoak aitortu egin du bera izan dela emakumea hil zuena, auzitegiko iturriek dioetenez. Defentsak, oraingoz, ez du helegiterik sartuko. Hilketa astelehenean gertatu zen, lekuko batek goizean biak Iruñean ikusi zituelako; gorpua iluntzean azaldu zen, Orondritzen.

2008ko uztailaren 11
15:30
Entzun
Agoizko (Nafarroa) Auzitegiko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali du bart Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) gaztearen ustezko hiltzailea: Jose Diego Y. V., 27 urteko iruindarra. Epaileak atzo gauean hartu zion deklarazioa eta. auzitegiko iturrien arabera, gizonezkoak aitortu egin du bera izan dela 20 urteko emakumearen hiltzailea. Gehienez, hamabost urteko kartzela zigorra jaso dezake. Iruñeko kartzelan daukate eta defentsak, oraingoz, ez du helegiterik sartuko.

Hilketa uztailaren 7an, astelehenean, gertatu zela baieztatu zuten atzo. Lekuko batek adierazi du egun hartako 7:45ean biekin topo egin zuela gizonezkoaren etxeko atarian, Iruñean, Iturrama auzoan. Gorpua astelehen iluntzean aurkitu zuten, Orondritzen (Nafarroa), herriko bizilagunek. Gizonezkoa gauean atzeman zuten.

Poliziak telefono dei baten bidez izan zuen hilketaren lehen berria. Dei horregatik atxilotu zuten, gau hartan bertan, Jose Diego Y. V., Laffageren hiltzailea delakoan. Gizonezko gaztea bere familiak Erron (Nafarroa) -gorpua agertu zen tokitik hurrean- duen etxean atzeman zuten. Hilketa Iturrama Iruñeko auzoan gertatu zen, ikerketaren iturriek ziurtatu dutenez.

Ikerketa iturriek argitu dutenez, itota hil zen Laffage, nahiz eta emakumearen gorpuak buruan kolpeak zituela ere jakin den. Hala argitu du autopsiak. Gorpua plastikozko poltsekin estalita eta soinean agiririk ez zuela aurkitu zuten, eta indarkeria nozitu izanaren zantzuak zeuzkan. Hatz bat moztua zuela ere jakinarazi du ikerketaren iturriek. Hasieratik, genero indarkeriari loturiko hilketa bat izan dela, eta hipotesi horrekin lan egin du Poliziak.

Nafarroako Unibertsitate Klinikan psikiatra egoiliar modura lan egiten du atxilotuak. Laffage, berriz, erizaintza praktikak egiten ari zen klinika berean, eta gizonezkoak aitortu du ez zuela ezagutzen. Nagore Laffage 18 urterekin iritsi zen Iruñera, erizaintza ikastera, eta bertan bizi zen orduz geroztik.

Agoizko auzitegiak kasua aurrerantzean Nafarroako Justizia Auzitegiaren esku utziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.