Politika

Epaileak libre utzi ditu Aldekoa eta Salterain, bermerik gabe

Gaur hartu ditu Ismael Moreno epaileak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Inputatu egin ditu, dena dela. Herenegun atxilotu zituen Ertzaintzak, Iurretan (Bizkaia), ETArekin zerikusia izatea egotzita. Euren kontrako akusazioak zabaldu zirela-eta, Auzitegi Nazionalean aurkezteko eskaria eginda zuten biek, eta hitzordua emateko zain ziren atxilotu zituztenean.

2008ko martxoaren 4a
20:13
Entzun
Gaur eraman dituzte Oroitz Aldekoa eta Agurne Salterain Espainiako Auzitegi Nazionalera, Ismael Moreno epailearengana, eta honek bermerik gabe aske utzi ditu biak. Juan Moral fiskalak neurri horixe hartzeko eskatu dio epaileari. Honek, baina, inputatu egin ditu ETArekin zerikusia izan dezaketelakoan, eta biek sinatzera joan beharko dute aldiro.

Herenegun atxilotu zituen Ertzaintzak Aldekoa eta Salterain, Iurretan (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, bi atxilotuek Gorka Lupiañez ustezko etakideari "babesa" eman zioten. Areago, Espainiako Barne Ministerioak joan den astean zabaldutakoaren arabera, "terrorista bilatuenen" zerrendakoak ziren bi haiek.

Efe berri agentziak dio Aldekoak eta Salterainek aitortu egin dutela Lupiañez hartu zutela etxean, baina jakin gabe ustezko etakidea zenik. Laguna duelako hartu zuen Aldekoak, Eferen arabera, eta Lupiañezek orduan esan zion "familiako arazoak" zeuzkala.

Lupiañez iragan abenduaren 7an atxilotu zuen Guardia Zibilak Berrizen (Bizkaia), eta inkomunikazioaldian torturak jasan zituela salatu zuen.

Ertzaintzak jakitera eman zuen Lupiañez preso hartu eta gero hainbat etxebizitza zituztela kontrolpean, tartean Iurretako baserri bat. Herrizaingo Sailaren arabera, kontrol horrek ahalbidetu zuen Aldekoa eta Salterainen atxiloketa, ertzainek bertatik irteten ikusi zituztelako.

Askatasunaren salaketa

Askatasunak atzo ohar batean gogorarazi zuen Lupiañezen "torturapeko deklarazioen ondoren", eta beren kontrako akusazioen berri izan ostean, Oroitz Aldekoa eta Agurne Salterainek euren buruak Auzitegi Nazionalean aukezteko eskaria eginda zutela, eta hitzordua jaso zain zeudela euren gurasoen etxean: "Auzitegitik hitzordua emango zitzaiela esan zieten; beraz, zain zeuden".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.