Ile de Reko espetxean duten Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean aske uzteko eskaera aztertu du Parisko auzitegiko zigorren aplikazio ganberak, eta Maritxu Paulus Basurko abokatuak jakinarazi duenez, maiatzaren 12an emango dute hartzen duten erabakiaren berri. Lehen aldia da Esnalek baldintzapean askatzeko eskatzen duena, baina 2013tik zuen horretarako aukera, berez.
Abokatuak azaldu duenez, "oso luzea" izan da auzia, bi ordu ingurukoa. ETAn berriro sartzeko arriskua ote dagoen izan da "debatearen funtsa", eta fiskalak "betiko" argudioak erabili ditu, abokatuaren hitzetan. 1970. eta 1980. hamarkadakoak dira Esnali leporatzen zaizkion delituak, eta abokatuak auzian defendatu du testuingurua anitz aldatu dela ordutik. Bertzalde, defentsak gogoratu du 65 urte dituela jada Esnalek, eta baldintzapean askatuko balute baldintzak bukatu ordurako 78 urte gutxienez izanen lituzkeela.
Joan den larunbatean 26 urte bete ziren Esnal, Frederique Haranburu Xistor, Ion Kepa Parot eta Unai Parot atxilotu zituztenetik. 60 eta 65 urte bitartean dituzte jada lau presoek, baina oraindik zigor luzeak dituzte betetzeko: Frantziako espetxeetan dituzten Esnal, Haranburu eta Ion Kepa Parotek bizi osorako espetxe zigorra dute, eta Unai Parotek, berriz, 40 urteko kondena Espainian.
Esnal, Haranburu eta Ion Kepa Parotek baldintzapean askatzeko eskatua dute 2013tik, baina oraingoz epaileak ukatu egin ditu eskaera guziak. Haranbururi abuztuan eman zioten azken erantzuna: ezezkoa. Ion Kepa Parotek ere eskatua du baldintzapean askatzeko, baina instrukzio fasean dago oraindik haren kasua, eta ez diote eman epaiketaren datarik. Gaurko elkarretaratzera deitu du Bagoaz-ek, 19:00etan, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Herri berean eginen dute apirilaren 9an manifestazioa, 26 urte, aski da! Xistor, Jakes, Ion eta Unai askatu! lelopean.