Hego Euskal Herriko epaileak protestan hasteko prest agertu dira. Espainiako Justizia Ministerioa prestatzen ari den Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformarekin ez datoz bat. Erreformak prozedurak moteldu eta garestituko dituela uste dute, tasak garestitzeaz aparte. Epaile eta baliabide gutxiago egongo direla salatu dute, baita justizia «utzikerian» dagoela ere. Atzo bilerak egin zituzten epaileek eta fiskalek, herrialdez herrialde eta organuz organu. Egoera konpontzeko eskatu diote Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroari.
Nafarroako epaile eta fiskalek aho batez adostu dute astean 37,5 ordu bakarrik egingo dituztela lan, eta audientzia orduak berez egokitzen zaizkien ordutegietara mugatuko dituztela. Beharrezkoa eta legez dagokien baino gehiago ez dutela lan egingo adierazi dute, lanaldia «zorrotz» beteko dutela. Sistema judiziala modernizatzeko ahaleginik ez egitea ere egotzi diote ministroari.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileen batzarrak ere adierazi du justizia «egoera larrian» dagoela. Ez dute mobilizazioekin bat egiteko asmorik agertu, ordea. Espainiako epaileen elkarteek proposatu zuten elkarretaratzeak egitea; ministerioak egoera bideratu ezean, lanuzteak egiteko aukera ere mahai gainean jarri dute elkarte horiek.
Gasteizko epaileen batzarrak bai, aldarrikapenekin bat egiteaz aparte, Justizia Ministerioaren aurrean elkarretaratzea egitera ere deitu du. Lanuztea egingo balitz ere bat egingo luketela adierazi du. Bilboko eta Donostiako epaileek ere bat egin dute aldarriekin. Raxoiren gobernuari aurpegiratu diote eskua sartu nahi izatea botere judizialaren independentziari.
Epaileak protestan hasteko prest daude, baldintzengatik kexu
Botere judizialaren legea erreformatu nahian ari da Espainiako Justizia Ministerioa; errefusatu egin dute epaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu