Kongresuaren eta Bushen erabakien ondoren, Schiavoren gurasoek helegitea aurkeztu zuten auzitegi federaletan. Izan ere, eskubide horixe aitortzen zien Kongresuak onartu eta presidenteak onetsitako lege berriak: helegitea aurkeztu eta auzibidearekin aurrera jarraitzekoa.
Horren ondoren espero zen kasuaz arduratzen den epaileak berehala emango zuela Schiavo makinetara lotzeko agindua. Ez da horrelakorik gertatu, ordea. Whittemore epaile federalak bi orduz entzun zituen atzo hiletsita dagoen emakumearen gurasoen abokatuen (bizirik iraunaraztea defenditzen dute) eta senarraren abokatuen (eutanasia aplikatzeko eskatzen dute) argudioak, eta edozein erabaki hartu aurretik batzuk eta besteak ondo aztertu behar dituela iragarri zuen. Gaur goizean, gainera, atzera bota du emakumezkoa makinetara lotzeko gurasoen larrialdiko eskaera.
Izan ere, Whittemore epaileak zalantzak agertu zituen auzia epaile federalen eskumeneko izan daitekeenetz.
Ondorioz, elikatzen eta, beraz, bizirik iraunarazten duten makinetara lotu gabe dago ostiraletik Schiavo. Egoera horretan utziz gero bi astean hilko dela uste dute medikuek.
Terri Schiavok 41 urte ditu, eta azken 15ak hiletsita egin ditu 1990ean etxean istripu bat izan ondoren. Floridako Sant Petersburgo ospitalean dago, garun heriotza duela.
Schiavoren senarrak eutanasia aplikatzeko eskatzen du, bere onean zela emazteak ez zuela landare bat bezala bizi nahi adierazi zuela arrazoituz. Aukera horren kontrakoak dira, ordea, hiletsita dagoen emakumearen gurasoak. Zazpi urteko auzibidean nahastuta ibili dira batzuk eta besteak.
Kasu horrek eutanasiaren inguruko eztabaida handia piztu du AEBetako iritzi publikoan, eta, esan bezala, Kongresuak eta Bush presidenteak larrialdiko neurriak hartu dituzte. Ezohiko bilera egin zuen lehenak; Bushek, berriz, oporrak eten zituen Schiavo bizirik manten dezakeen legea sinatzeko. Errepublikanoek eta AEBetako gizarteko sektore kontserbadoreenek euren gain hartu dute Schiavori eutanasia aplikatzearen kontrako jarrera.
Eutanasia
Epaileak uko egin dio Schiavo makinetara lotzeko agindua emateari
AEBetako Kongresuak eta George Bush presidenteak larrialdiko neurriak hartu zituzten arren, Terri Schiavo hiletsita dagoen emakumeak bizirik iraunarazten duten makinetara lotu gabe jarraitzen du. Kongresuaren eta Bushen erabakiz, joan den ostiralean Floridako epaile batek tresnak itzaltzeko emandako agindua berrikusi behar da auzitegi federaletan. Kasuaz arduratu den Whittemore epaile federalak, ordea, uko egin dio berriro tresnetara lotzeko agindua emateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu