Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok eta AVT elkarteak jarritako salaketaren ondorioz iazko abuztuan Bilbon antolatu zuten manifestazioan "terrorismoari gorazarre" egin ziotelakoan deitu dituzte deklaratzera.
Mugimenduko kideek komunikabideetara bidalitako oharrean gogora ekarri dute deklaratzera deitutako bik osasun arazoak dituztela. Era berean, ohartarazi dute "egoera larria" dela gaixo dauden presoen eta edadetuen egoera. "Estatu espainola eta frantsesa preso politiko gaixoen osasunaz baliatzen dira herri oso baten borroka baldintzatzeko eta preso hauen borondate eta jarrera politikoa menpean hartzen saiatzeko", salatu dute.
Era berean, gogora ekarri dute apirilaren 2an Bilboko Errekalde auzoan Amnistia Eguna eta manifestazioa antolatu dituztela. Eta salatu dute, Urkijok egun horretarako antolatuta dagoen Pablo Haselen kontzertua debekatzeko eskatu duela.