Justizia

Epaileen erdiek egin dute greba

"Kalitatezko justizia independentearen aldeko" elkarretaratzeak egin dituzte justizia auzitegien aurrean.

edurne elizondo
2013ko otsailaren 20a
19:06
Entzun

Hego Euskal Herriko epaileak eta fiskalak grebara deitu dituzte gaur. Nafarroan, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean. Kalitatezko justizia independentearen alde leloa idatzita zuen pankartaren atzean agertu dira epaileak, eta haiekin hainbat fiskal eta abokatu ere bai. "30 epaile inguruk egin dugu greba Nafarroan; hau da, lanean ari garenon erdiak", azaldu du Demokraziarako Epaileak elkarteko arduradun Miguel Angel Abarzuzak.

Zehaztu du fiskalek ez dutela greba deialdiarekin bat egin, baina haietako hainbat elkarretaratzean izan direla. Gaur, hain zuzen, Iruñean da Espainiako fiskal nagusi Eduardo Torres Dulce. Epaileen pankartari eusten izan da, halaber, Nafarroako Abokatuen Elkargoko buru Alfredo Irujo, elkarte horrek bat egin baitu epaileen aldarrikapenekin. Iruñeko epaileak ez dira greba egin duten bakarrak. Tafallan, Lizarran eta Agoitzen ere bat egin dute deialdiarekin, bertzeak bertze.

"Greba egiteko hainbat arrazoi badira", azaldu du Foro Judizial Independenteko kide Esther Fernandezek. Batetik, inbertsio publiko gehiago eskatu du justiziaren arloan, "behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izan ditzagun epaitegietan". Bertzetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia erreformatzeko lege proiektua atzera botatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, "erakunde horren independentzia bertan behera uzten baitu". Salatu du lege proiektu horrek Justizia Ministerioaren "zati huts" bilakatu nahi duela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia.

Ordezko epaileak kaleratzeko neurria ere salatu dute greban parte hartu duten epaileek eta, lan taldea handitu bitartean, ordezko epaileentzako aurrekontu handiagoa eskatu dute. "Hemen hamar epaile daude 100.000 biztanleko; Europako hainbat herritan, berriz, hogei dira 100.0000 biztanleko".

Espainiako Gobernuak prestatu tasen legearen kontra egin dute epaileek, halaber, eta bertan behera uzteko, edo, gutxienez, aldatzeko eskatu dute. Azkenik, indultuen legea aldatzeko beharra nabarmendu dute, egungoak "erabaki politikoen esku" uzten duelako tresna hori.

Gainerako herrialdeetan ere egin dute grebarekin bat hainbat epailek, eta justizia auzitegien aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. Araban, 29 epailetik 21etik egin dute greba; Gipuzkoan, 48tik 23k; eta Bizkaian, 120tik 57tik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.