Goizeko 10:30ean hasi dute gaurko saioa, ordu eta erdiko irakurketarekin. Espainiako Auzitegi Nazionaleko idazkari judizialari Patxo Murgaren kontrako ustezko froga dokumentala den txostena irakurtarazi dio epaimahaiak. Atzo ordubete eman zuen horretan eta gaur ordu eta erdi. Murga auzipetuak esan du, bere etxean aurkitu zuten txosten hori ez dela berea, eta berak ez duela ezagutzen. Txosten hori bere etxean egotearen azalpen posible bakarra bere semearen izatea dela azaldu du. Semea kazetaritza ikasten ari zela, eta txosten hori lanen bat egiteko eduki zezakeela jakinarazi du.
Murgaren ondoren, Manu Intxauspek deklaratu du. 'Egin'-en proiektuan parte hartu zuela esan du, eta berak inoiz ez duela ETArekin harremanik izan. "Euskal Herria ukatzen zutenen aurrean herri mailako eta langileen proiektua zelako" hartu zuen 'Egin'-en hasierako proiektuan parte. Defentsari bakarrik erantzun dizkio galderak. 'Egin'-en alde lanean zergatik jardun zuen azaltzerakoan esan du, garai hartan zeuden egunkariak "Euskal Herriaren kontrakoak" zirela, "epaiketa hau bezala". Morillo epaimahai buruak epaiketa hitza entzun bezain laster moztu dio.
Jose Ramon Arangurenek deklaratu du gero. Berak ez dakiela ezer Udaletxe proiektuaz, eta ETArekin eta KASekin inolako harremanik ez duela izan azaldu du. Esan duenez, bera 'Egin'-eko administrazio kontseilukoa izan zen. 1989-1990 aldean hasi zela dio. Izan ere, marketingean eta komertzial gisa egiten zuen lan Kontseiluan sartu aurretik, bera administrazio Kontseiluko kide bezala aurkeztu zuten lagun batzuek, eta batzarrean onartu egin zenez, kontseilari izan zen. Promozioetan-eta aholkulari gisa aritzen zela azaldu du.
Jesus Maria Zalakainen txanda etorri da gero. Fiskalak eta AVT akusazio partikularrak egindako galderak erantzun behar al dituen galdetu diotenean: "Egin itxi zutenei ez diet erantzungo" esan du. Fiskalak eta akusazio partikularrak beraien galderak bota dituzte, eta hantxe amaitu da gaurko saioa. Abenduaren 12an jarraituko dute, 16:30ean.
Aldeetako inork irakurtzeko eskatu ez zuen txostena leitzeko agintzeagatik galdegin zuen defentsak epaimahaiko magistratuen errefusatzea, herenegun. Errefusatze hori ukatu egin zuen epaimahaiak, eta atzo, aldeetako inork eskatu gabe, txostena irakurtzeko agintzen jarraitzen du.
18/98 auziko epaiketa
Epaimahaia beraiek isilarazten saiatu arren ez direla isilduko ohartarazi dute auzipetuek
18/98 sumarioaren epaiketaren lehen bi asteetan epaimahaiak izan duen jarrera salatu egin dute Teresa Toda eta Iñigo Elkorok auzipetu guztien izenean. Epaimahaiak ez dietela auziaren izaera politikoa salatzen uzten diote, eta isilarazten saiatzen badira ere, bai sala barruan eta bai kanpoan salaketa egiten jarraituko dutela ohartarazi dute. Euskal Herritik epaiketa "haserre" jarraitzen ari dela, eta haserre hori "presio" bihurtu behar dela aldarrikatu dute. 'Orain ataleko' Patxo Murgak, Manuel Intxauspek eta Jose Ramon Arangurenek deklaratu dute gaur. Abenduaren 12an jarraituko dute epaiketarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu