Epaimahaiak Kasedako hilketaren erruduntzat jo ditu aita eta seme gazteena

Akusatuta zegoen beste semea errugabea dela ebatzi dute

Pasa den asteko saioko irudia, auzitegiko pantaila batean. JESUS DIGES / FOKU
2021eko ekainaren 1a
15:31
Entzun

Herri epaimahaiak 2018ko irailean Kasedan (Nafarroa) gertatutako krimen hirukoitzaren erruduntzat jo ditu aita eta seme gazteena, eta akusatuta zegoen beste semea errugabea dela ebatzi dute.

Epaimahaiko bozeramaileak esan du aho batez erabaki dutela aita hiru hilketen erruduna dela. Seme gazteenaren kasuan, botoen gehiengoarekin ebatzi dute erantzulea dela, aldeko zazpi botorekin eta kontrako birekin. Aldiz, esan dute ezin dela frogatu beste semeak krimenetan parte hartu izana, eta, beraz, hura aske utziko dute.

Datozen egunetan jakinaraziko dute zer zigor jarriko dieten erruduntzat jo dituzten bi akusatuei. Joan den astelehenean hasi zen Kasedan izandako krimen hirukoitzaren ustezko egileak epaitzeko prozesua, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
2018ko irailaren 18an, familia bereko hiru pertsona hil zituzten Kasedan, eskopeta tiroz: 50 urteko Fermin J.E. eta 29 eta 17 urteko bi semeak. Fiskalaren arabera, hiru akusatuek eta hiru biktimek eztabaida gogorra izan zuten.

Nafarroako SOS larrialdi zerbitzuek 18:53an jaso zuten abisua: hainbat bizilagunek salatu zuten Kasedako kale batean «istiluak» piztu zirela eta eztabaidan ari zirenetako batzuek eskopetak zeramatzatela. Larrialdi zerbitzuek Foruzaingoko zenbait patruila igorri zituzten hara, baita anbulantziak eta helikoptero medikalizatu bat ere. Hiru hilotz topatu zituzten kalearen erdian.

Foruzaingoak handik gutxira atxilotu zituen akusatuak: «Seat Toledo markako auto batean ihes egin zuten. Tafallako komisariako foruzainek antzeman zuten ibilgailua, eta, jazarpen baten ostean, familia bereko hiru gizonezko atxilotu zituzten: aita, 53 urtekoa, eta haren bi semeak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.