Joan den azaroaren 25ean, ESK sindikatuak Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiari eskatu zion neurofisiologiako eta neurokirurgiko adarretako ustezko filtrazioak iker zitzala, eta epaitegi horrek onartu egin du sindikatuaren eskaria. Ikerketa zabaltzearekin batera, deklaratzera deituko ditu, ikertu gisa, Bilbo-Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuetako burua eta Arabako neurofisiologia zerbitzuko burua. ESK sindikatuaren ustez, epaitegiaren erabakiak babestu egiten du sindikatuaren salaketa: «Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritza ezberdinek ezagutu eta babestu izan duten sistema klientelar estruktural baten aurrean gaude».
Osakidetzak, berriz, ohar batean esan du zain dagoela epaitegiak bere erabakia ofizialki noiz jakinaraziko, baina esan du jakinarazpena jasotzen duenean behin-behinean bertan behera utziko dituela neurofisiologiako eta neurokirurgiako lan eskaintza publikoak. Bertan behera uzteko erabakia «behin-behinekoa» izango da, eta amaitu egingo da epaitegiak auzia artxibatu edo ixten badu, Osakidetzak oharrean jakinarazi duenez. «Gisa horretako prozesuetan ezinbestekoa den segurtasun juridikoa bermatu nahi dugu». Nolanahi ere, Osakidetzak argitu du bi adar horien lanpostuak esleitu gabe daudela oraindik.
ESKren salaketa
ESK sindikatuak joan den azaroan aurkeztutako salaketan, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiari bi adar horiek aztertzeko eskatzeaz gain, 2016. eta 2017. urteetako Osakidetzako lan eskaintza publikoan eginiko probak oinarri hartzea galdegin zion. Lekukotasunak jaso eta azterketetarako emaitzak ikertu ostean egin zuen eskaera sindikatuak. Neurofisiologia da sindikatuak ikertutako adar nagusietako bat, eta ondorioztatu zuen azterketa hori egiteko ardura zuena epaimahaiko kide ere bazela. Julio Sanchez ESK-ko abokatuak orduan emandako datuen arabera, Arabako Osakidetzako zerbitzuetako arduradunetako bat da kidea, eta HAEE Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak izendatu zuen azterketaren enkargatu. Bestetik, neurokirurgiako adarrari dagokionez, abokatuak jakinarazi zuen Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuetako arduradunetako batek zuela azterketa egiteko ardura, eta emaitzak ikertu ostean ondorioztatu zuten neurokirurgia espezialitateko bost emaitza onenetako lauk lotura zuzena zutela ospitalearekin.
ESK sindikatuak, ohar batean, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuela oposizioak behin-behinean eten direla segurtasun juridikoa babesteko eta oposiziogileen eskubideak bermatzeko. Hori hala, sindikatuak gaineratu du bere erantzukizuna dela «justiziarekin kolaboratzea» eta Osakidetzako oposizioetan aurkeztu diren pertsonen alde egitea, horretarako «beharrezkoak diren neurriak hartuta».
Gauzak horrela, sindikatuak eskatu du abiatu dadila kanpo ikerketa «serio eta garden» bat Osakidetzako hautaketa eta hornidura sistemaren barruan, eta, haren bidez, amaitu dadila «espezialitate jakin batzuetako lanpostuak emateko indarrean den sistema klientelarra».