Epaitegi Gorenak Gipuzkoako Aldundian Espainiako banderaren aurka dagoen plaka kentzeko agindu du. Plaka horretan Espainiko bandera derrigorrez dagoela balkoian eskegita adierazten da. Estatuaren abokatuak eskatu zuen plaka kentzeko, baina EAEko Justizia Epaitegi Gorenak atzera bota zuen eskaera.
Epaitegi Gorenean helegitea aurkeztuta, ordea, eskaera aintzat hartu du horrek. Ebazpenean esan du plaka bandera jarri beharra ebatzi zuen sententziaren aurkakoa dela. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritziz Espainiako bandera jartzeko beharra "erabat anakronikoa" da. "Herriak dira euren ikurrak aukeratzen dituztenak", esan du.
Gipuzkoako Aldundiko zerbitzu juridikoak Gorenaren epaia aztertzen ari dira helegitea jarri dakiokeen argitzeko, batik bat "kontzientzia askatasunaren eta adierazpen askatasunaren" inguruan.
Plaka Markel Olano ahaldun nagusi zela jarri zen, eta Espainiako bandera "ikur inposatzailea" dela dio. Olano EAJko kideak adierazi du gaur "plakak adierazitako eskaria alferrikakoan eror ez dadin" ekimen bat aurkeztuko duela datorren astean. Era berean, dei egin dio Bilduri Epaitegi Gorenaren sententzia helegiteko "bide legal guztiak agortzera". Olanoren ustetan erabaki honek "gipuzkoako gizartearen gehiengoak duen ikuspuntuaren kontra egiten du". Aralarrek ere bere desadostasuna erakutsi du eta Bilduri zuzendu zaio "erabakia onartu baina ez betetzeko" eskatuz.
Iaz gizon bat hori lapurtzen saiatu zen; bideo-kamerek harrapatu zuten, ordea, eta berriro jarri zuten.