EAEko Justizia Auzite Nagusia

Epaitegiaren erabakiak ez duela eraginik azpimarratu du Iztuetak, "gurasoei aukeratzeko eskubidea bermatu baitzaie"

Kautelazko neurria hartuta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasle etorkinak eskolaratzeko kaleratu zuen agiria. Administrazioko Auzietako Gelak hartu du erabakia, Espainiako Gobernuak jarritako helegite bati erantzunez. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren arabera, agiri horrek bi ataletan urratzen du Konstituzioa. Anjeles Iztuetak "lasaitasun mezua" helarazi nahi izan du, agiri horrek "gurasoei hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea bermatzen baitie"

2004ko otsailaren 11
14:50
Entzun
Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak argitu duenez, "etorkin" hitza agiritik kentzez ez dagokio bere sailari, "beste batzuei baizik". "Etorkin hitza Espainiako Hizkuntza Akademiak jasotzen du, eta berari dagokio aldatzea", zehaztu du. Hori dela eta, hitz horren bueltan sortu den polemika "faltsua" dela azpimarratu du Iztuetak.

"Etorkina izatea ez da ezer negatiboa, positiboa da aniztasuna aberastasuna delako, eta EAEtik kanpoko haurrak gurera etortzea, aberatsa da gure hezkuntza sistemarako", zehaztu du Hezkuntza sailburuak.

Espainiako Hezkuntza ministerioaren iritzia

Espainiako Hezkuntza Ministerioak dio agiriak bi puntutan urratzen duela Espainiako Konstituzioa. Batetik, Hezkuntza Sailak Espainiako hezkuntza sistematik kanpo kokatzen duelako EAEko hezkuntza sistema, "EAEkoak ez diren ikasleak etorkinak direla baitio". Espainiako Ministerioaren ustez, "hori Konstituzioaren berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioen kontra doa".

Bestetik, Madrilgo Gobernuak dio Hezkuntza Sailaren agiriak "galarazi" egiten diela beste erkidegoetatik EAEra etorritako haurrei A ereduan ikastea. "Hizkuntza-diskriminazioa" irizten dio horri Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta, hortaz, "Konstituzioa urratzen" dela.

Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak dio agiri horretan "gomendioa besterik ez zien egiten gurasoei, haurrek B eta D ereduetan ikasteko; beti ere, azken erabakia gurasoena dela azpimarratuta".

Hezkuntza Ministerioak Jaurlaritzara jo zuen lehenik, haur etorkinak eskolaratzeko Hezkuntza Sailak iazko urtarrilaren 29an EAEko ikastetxeei bidali zien agiria bertan behera utz zezan. Jaurlaritzak ez zuen halakorik egin, eta Espainiako Ministerioak Estatuaren Abokatuari agindu zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jar zezala irizpide horien kontra. Orain, Espainiako Ministerioak berak jakinarazi du Auzitegiak, kautelaz, agiria bertan behera uztea erabaki duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.