EPPK-ren agiria

EPPK: "Damutzea eskatzen zaigu, ez garela damutuko jakinda"

BERRIAra igorritako agirian, otsailaren 15etik 20ra bitartean hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek, gaitz larriak dituzten presoak aska ditatzatela eskatzeko. Hilaren 20an, berriz, baraualdia egingo dute —kartzeletara martxak antolatu ditu ezker abertzaleak egun horretarako—. Bihar argitaratuko du agiria osorik BERRIAk, paperean.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa, urtarrilaren 9an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 9a
07:17
Entzun

"Konponbidearen bidea oztopatua dagoen bitartean, kartzeletako egoera gero eta gordinagoa da". Hala ohartarazi du EPPK-k, urtarrileko data duen agirian. Kolektiboak aitortu du ETAk jardun armatua utzi zuenetik "ziklo politiko berri horren aurrean behar bezala kokatzeko zailtasunak" izan dituztela. Hala ere, "hortzak estututurik" jarraituko dutela ziurtatu dute: "Eta behar den bezainbeste denbora eusteko prest".

Gaitz larriak dituzten presoen egoera salatu dute bereziki, eta berretsi egin dute Euskal Herriratzeko eskaera. Hona pasarte batzuk, aurrerapen modura:

"Gure kide ohi batzuen ibilbide tristea adibidetzat jarriz, damutzea eskatzen zaigu, ez garela damutuko jakinda; kideak sala ditzagun eskatzen zaigu, ez ditugula salatuko jakinda; sinesten ez duguna esatera akuilatzen gaituzte, halakorik ez dugula egingo jakinda. Horrek izen bakarra dauka: berariazko bidegabekeria".

"Memoria, autokritika, bizikidetza, bakea... Hitz eder askoak agertu dira politikarien ahotan [...] Badirudi hitz horiek konponbidean zintzoki aurrera egiteko bidesari eta aduana gisa ipintzen dizkigutela. Haien legeak bihurriten dituzte beren intereserako".

[Parisen epaitutako sei euskal presoren eta AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduaren arteko polemikaz] "Presoon askatasuna lortzeko ahaleginean ari den inork ez zuen pozik hartuko gertatutakoa. Guztioi da hausnartzea zertan ari garen eta zeintzuk diren norberaren helburuak eta helburu horiek lortzeko ibili beharreko bideak. EPPK anitza da, kartzelara ekarri gintuzten arrazoiak askotarikoak dira, gutariko bakoitzaren ibilbidea, bai kaleko borrokan eta baita kartzelan ere anitza da. Ezker abertzalearen baitan kokatzen da EPPK, gutako bakoitzak eta Ezker abertzalearen ekimen eta ekinaren gaineko bere iritzia izanda ere”.

2014ko abendukoa da EPPK-k publiko egindako azken agiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.