Espainiako eta Frantziako estatuek “inolako posizionamendu eta pauso politiko berririk eman gabe” jarraitzen badute ere, EPPK-k dio konponbide prozesuan aurrera egiteko aukerak zabaldu direla, eta bide horretan bere “ekarpena” egiteko prestutasun osoa duela.
BERRIA-ra bidalitako ohar batean —biharko papereko edizioan irakurri ahal izango da osorik—, presoen kolektiboak dio “euskal herritarren exijentzien formarekin izan ala Estrasburgoko erabaki eta aginduaren ‘lege-zamarekin’ izan”, Espainiako eta Frantziako estatuek bideari ekiteko “garaiz” dabiltzala.
“Europak espetxe politika kriminalaren denbora amaitu dela agindu du. Espetxe politika pitzatzen hasi da. Salbuespeneko neurrien garaia amaitu da. Sakabanaketaren bizitza agortu da, Euskal Herrian elkartu behar gaituzte prozesuari gure ekarpena egiteko. Amaieraren hasieran gaude”, nabarmendu du presoen kolektiboak.
Hori hala, EPPK-k dio “urrats eta ekimen ausartak” egiteko garaia dela, eta “sufrimendu eta min gehiago egon ez dadin”, euskal gatazkaren gako politikoei heldu behar zaiela.
Oharrean, halaber, Josu Uribetxebarriaren egoera ekarri dute gogora EPPK-ko kideek. Hark erakutsitako “tinkotasuna eta samurtasuna” nabarmendu dute. Mikel Egibar presoaren senideek izandako auto istripua eta Iñaki Erro presoaren egoera ere azpimarratu dituzte.