Ainhoa Sarasola
Bi eguneko baraualdian dira gaurtik Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) osatzen duten euskal presoak. Euskal presoen estatus politikoa, autodeterminazioa eta amnistia osoa aldarrikatuko dituzte bi egunotako protestaldiaren bitartez, iragan igandean BERRIAk kaleratutako elkarrizketan Argi Perurena eta Juan Lorenzo Lasa Mitxelena Txikierdi EPPK-ko mintzaideek azaldu zutenez.
Hain zuzen, elkarrizketa hartan Euskal Herrian zabaldutako prozesuari buruz luze aritu ziren bi mintzaideak. Txikierdiren ustez, EPPK «erabiltzen» saiatuko dira prozesuaren aurka egiteko, «presoak bakearen truke planteamenduarekin». Alta, mintzaideak argi du horrek ez duela konponbiderik ekarriko. Horretan «tematuta» daudenei alferrik ari direla esan zien baita ere. «Euskal Herriaren arazoa ez gara euskal preso politikoak, gu ondorio bat gara».
Gatazkaren konponbidea nondik iritsiko den ere garbi du Txikierdik. Euskal Herrian «autodeterminazioaren, lurraldetasunaren eta amnistiaren bidetik barneratzearekin bakarrik gaindituko da gatazka». Hartara, eta euskal presoen «eragiletza politikoaren izaeran oinarrituta», gainerako euskal eragileekin batera prozesuan eragin eta lagun dezaketela iritzi zion, euren ekarpenak eginez.
Presoek euren izaera politikoari eutsiz lagun dezaketela uste du Perurenak ere, «herriaren askatasunaren aldeko konpromisoan geure engaiamendu politikoarekin jarraituz» eta bi gobernuen «erasoen aurrean etsi gabe». Baita gatazkaren oinarria zein den argi utziz, bere hitzetan. «Benetako arazoari eusten ez zaion bitartean, preso jarraituko dugu, eta presondegitik, beti ere, gure kapital politikoa bideratuko, gatazkari irtenbide demokratikoa bilatzeari buruz».
Hartarako euskal presoek «konpromiso osoa» dutela erantsi zuen Perurenak, «borroka ekimen berriak» iragartzearekin batera. Horien artean, gaur eta bihar Kolektibo osoak baraualdia egingo duela jakinarazi zuen mintzaideak, «estatus politikoaren gauzapena, autodeterminazioa eta amnistia osoa aldarrikatzeko».
Herritarrei deia
Elkarrizketa berean, estatus politikoaren eta Euskal Herriratzearen alde orain urtebete EPPK-k eginiko borrokaldia ekarri zuen gogora Txikierdik. Bilkura bat eskatu zioten orduan espetxe administrazioari, Kolektiboaren aldarrikapenak Espainiako Gobernuari «ofizialki eta zuzenki» jakinarazteko, eta harekin «harreman bide politiko bat irekitzeko» asmoz euskal presoen inguruko gaiak kudeatzeko. «Espetxe administrazioaren goi kargu batek hartu gintuen bi mintzakideok, eta estatus politikoarena mahai gaineratu genion. Tamalez, Gobernu espainolaren erantzuna gaurdaino errepresio bideari segida ematea izan da», azaldu zuen mintzaideak.
Izan ere, estatus berezirik onartzen bazaie, «errepresiozko ankerkeriarekin lotutakoa» dela uste du Txikierdik. Euskal presoen egoera okertu dela ere iritzi zioten bi mintzaideek, Perurenaren hitzetan, «presoak salerosketa txanpon gisa baliatu» nahi dituztelako.
Hartara, «dei berezia» egin zieten EPPK-ko mintzaideek euskal herritar eta eragile guztiei, «gatazka klabean erroturik dagoen espetxe politika honen kontra jazartzeko, euskal presoon eskubide guztien alde egiteko: estatus politikoaren alde, amnistia osoaren alde!».
Baina, horrez gain, Euskal Herriaren aitortzaren alde, lurraldetasunaren eta autodeterminazioaren alde «indar guztiak biltzeko» deia ere egin zieten elkarrizketan EPPK-ko mintzaideek euskal herritar eta euskal eragile guztiei.
Presoak
EPPK-k bi eguneko baraualdia abiatuko du gaur, autodeterminazioa aldarrikatzeko
Euskal presoen estatus politikoa eta amnistia osoa ere aldarrikatu nahi dituzte protestaldiaren bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu