EPPK-k EH Bilduren aldeko botoa eskatu du

Agiriak osorik hemen.

gotzon hermosilla
2016ko irailaren 11
08:58
Entzun

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak plazaraturiko azken agirian, EH Bilduren aldeko botoa eskatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. «Zenbat eta boto independentista gehiago, orduan eta indartsuagoa izango da askapen prozesua eta euskal preso politikoen askatasunaren aldeko indarra», azaldu du BERRIAri helarazitako agirian.

Agenda politikoko zenbait gai aztertzen du kolektiboak agirian, nahiz eta «kartzela zulootaraino berri gutxi iritsi, eta horiek, atzerapenez». Nazioartean, bereziki Kolonbiako bake prozesua eta akordioa hartu ditu EPPK-k gogoan. FARC erakundea zoriondu du: «Aterako dira kartzeletatik eta deserritik itzuliko borrokalariak, erabateko subiranotasunaren alde eta herritar xumeen eskubideen alde borrokan jarraitzeko. Irakaspena eman diote munduari. Badugu zer ikasi Euskal Herrian ere».

Ezker abertzaleak abiarazitako gogoeta prozesua eta presoen kolektiboak horri ekarpena nola egin aztertu dute. Ezker abertzalearen Abian prozesua aipatu dute, «ETAk borroka armatua utzi osteko urteotan izandako akatsak konponbidean jarri eta askapen borrokari beste bultzada bat emateko». Parte har zezaten «egindako ahalegina handia izan arren», EPPK-ko kideek diote prozesu horretan parte hartzerik ez zutela izan nahi bezala; «horrexegatik mantentzen gaituzte bahituta, sakabanatuta eta deserrian». Hala ere, aurrerantzean euren ekarpena egiteko prestasuna agertu dute, eta eztabaidaren gakoa ere finkatu dute: «2013an kolektiboak ontzat emandako ildoa garatzeko indarrak nola erabili, herritar, eragile sozial eta instituzionalen adostasun eta inplikazioaren bidez, sakabanaketa amaitu eta etxeratzeko prozesua egingarri bihurtzeko».

Dokumentuan, azaldu dute Espainiako eta Frantziako legedia baliatzeak ez dakarrela «horri zilegitasuna aitortzea».

Hilaren 25eko hauteskundeetatik aterako diren lehendakari, gobernu eta legebiltzar berriei dei egin die EPPk-k lanean aritzeko presoen etxeratzea lortzeko bidean. Nafarroako lehendakariari, gobernua sostengatzen duten indar politikoei eta parlamentuari ere egin diete eskaera hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.