Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzakidetza berria

EPPK-k Mintzakidetzarekin biltzeko deia egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak barne antolakuntza berritu du, eta sei preso izendatu ditu mintzakide: Anabel Egues, Jon Olarra eta Xabier Alegria (Espainian daude preso), Lorentxa Gimon, Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu (Frantzian daude preso). Lehen elkarrizketa BERRIA eta ‘Gara’ egunkariei eskaini diete; bihar argitaratuko da elkarrizketa BERRIAn.

2012ko apirilaren 12a
17:56
Entzun

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. EPPK-k bere antolakuntza berritu du, eta mintzakide talde berria izendatu du. Sei presok osatzen dute EPPKren Mintzakidetza: Anabel Eguesek, Jon Olarrak eta Xabier Alegriak Espainiako espetxeetan, eta Lorentxa Gimonek, Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk Frantziako espetxeetan. Presoek berek aukeratu dituzte mintzakideak. Seietatik Egues baino ez da aritu iraganean mintzakidetza lanetan.

BERRIA eta Gara egunkariei emandako elkarrizketan, EPPK-k dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei Mintzakidetzarekin bil daitezen: “Dagozkigun eskubideen errespetu eta gauzatzea jorratzeko”. Hizketarako prest azaldu dira sei mintzakideak: “Serioski joka dezaten dei egiten diegu; har dezatela gurekin haria. Gure oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatuz, mintzatzeko eta urratsak egiteko prest gaituzte; EPPKren mandatua dugu”.

EPPKren antolakuntza berrituta, udaberri honetan bertan barne eztabaidaren ondorio politikoak ezagutaraziko ditu kolektiboak, BERRIA eta Gara egunkariei eskainitako elkarrizketan aurreratu duenez. “Garrantzitsua izaten ari da eztabaida, oztopoak oztopo eta baldintza errepresibo zorrotzen gainetik aurrera eramateko gaitasuna izan baitugu”.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak emandako elkarrizketan, besteak beste, garai politiko berriaz, ETAk iazko urriaren 20an jakinarazitako erabakiaz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zigor luzatzeari buruz hartutako erabakiaz eta PPren gobernuaren espetxe politikaz aritu dira mintzakideak. Elkarrizketa osoa biharko BERRIAn kaleratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.