Efe berri agentziak Espainiako espetxe zuzendaritzako iturriak aipatuz esan du EPPK-ko Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide "gutxi batzuk" hasiak direla askatasun eskaerak egiten. Ez du argitu zenbatek egin duten eskaera. Eferen arabera, gaixorik dauden, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten eta Parot doktrina ezarri dieten presoak dira horiek. Bakoitzak bere kartzelan egin du eskaera, formalki eta aste honetan, iturri hark dioenez.
EPPK-k azaroaren 13an jakinarazi zuen egoera horretan diren presoak "berehala aske uzteko" eskaerak egiten hasiko zirela aurki: gaixo daudenak —batez ere larri daudenak—, baldintzapean libre behar luketenak eta "bizi guztiko" zigorra dutenak.
EPPK-k zioen kolektiboak hartutako erabakia dela, nahiz eta eskaerak banakakoak izango diren.
Ondoren, Etxerat elkarteak BERRIA.INFOri esan zionez, 300 preso inguru dira berehalako askatasuna eskatuko luketenak: gaixotasun larriak dituzten presoak zazpi dira, "bizi arteko" espetxe zigorra dutenak 71 eta "baldintzapeko askatasunean" egon beharko luketenak 200 pasa.