Konponbideari begira

EPPK prest dago biktimen erreparazioaz hitz egiteko, testuingurua "egokia" bada

Foro Sozial Iraunkorreko eledun Agus Hernan EPPK-ko kide Juan Antonio Olarra Guridirekin bildu da asteburuan. Presoen senideekin egin du bidaia, espetxe zuzendaritzak ez diolako erantzun biltzeko eskariari.

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea, joan den larunbatean, Granadako espetxe atarian.
arantxa elizegi egilegor
2018ko urtarrilaren 8a
12:04
Entzun

Espainiako Gobernuari eskatua zion Foro Sozialak EPPK-ko kideekin bilera bat egiteko baimena, baina, erantzunik jaso ez zuenez, elkarrizketa beste era batera bideratzea erabaki zuten. Hala, joan den larunbatean 40 orduko bidaia egin zuen Agus Hernanek euskal presoen senideekin batera Granadara, zertarako eta Olarra Guridirekin 40 minutuko elkarrizketaldia izateko. "Elkarrizketa ez da baldintza onenetan egin", aitortu du Hernanek.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketan azaldu duenez, hiru helburu zituen bidaia hark: Foro Sozialaren helburuen berri ematea eta EPPK-k horren inguruan duen jarrera ezagutzea; egoeraren erradiografia bat egitea; eta biktimen erreparazioaz hitz egitea. "Elkarrizketetan parte hartzeko prest daude presoak, eta baita alderdien jarrera entzuteko ere. Ordea, salatzen dute, Espainiaren politika orokorrak berak baino gehiago, espetxeetako mikropolitikek zailtzen dutela parte hartze hori. Olarra Guridik azaldu digu, esaterako, europarlamentari eta giza eskubideen aldeko ekintzaile ugarik eskatu izan dutela berarekin biltzeko baimena, baina sekula ez dutela erantzunik jaso".

Hala ere, Hernanek jakinarazi duenez, EPPK-ko kideak prest agertu dira eragindako mina aitortzeko eta biktimekin hitz egiteko, betiere elkarrizketa horiek "testuinguru egokian" egiten badira. "Gipuzkoan, esaterako, herri ekimen ugari jarri dituzte abian preso ohien eta biktimen arteko elkarrizketak ahalbidetu eta elkarbizitzari bide emateko".

Olarra Guridirekin egindako bilera ontzat jo du Foro Sozial Iraunkorrak, presoentzako "irtenbide marko bat eraikitzeko baliagarria" izango delakoan. "Marko berri honek bi elementuen arteko oreka bilatu beharko luke: batetik, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea; eta, bestetik, preso eta iheslaririk gabeko elkarbizitza".

Lehen gradutik bigarrenera

Hernanek jakinarazi du presoak hasiak direla espetxe barruko zuzenbidea ere baliatzen; esaterako, lanpostuak onartuz eta lehen gradutik bigarrenera igarotzeko eskatuz. "Olarra Guridik azaldu digunez, batzuk hasiak dira espetxe zuzendaritzak emandako lanak betetzen. Ordea, bigarren gradurako jauzia zailagoa da; izan ere, auzitegiek argudiatzen dute indarrean den erakunde terrorista bateko kide direla eta, beraz, ezin dietela eman bigarren gradurik. Presoek, hala ere, helegiteak aurkeztu dituzte, eta horietako batzuk epaileen eskuetan dira jada".

Bestalde, alderdi eta sindikatuekin abiatutako bideaz galdetuta, Hernanek aurreratu du aste honetan bertan mahai ingurua egitekoa dutela orain arteko bideaz eta egin beharreko urratsez eztabaidatzeko. Parte hartuko dutela iragarri dute, oraingoz, EAJk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta PSEK.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.