"Dolumin sentituenak" igorri dizkie Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Angel Figueroaren eta Xabier Lopez Peñaren senide eta lagunei. Gogor salatu ditu EPPK-k bi heriotzak, BERRIA eta Gara egunkarietara bidalitako agirian: "Bi heriotz berri, espetxe politikaren zerrenda luzean. Eri ziren biak, espetxe politikak erail ditu biak. Espetxe politika hiltzailea baita. Sakabanaketa hiltzailea baita". Egoera politikoa "larria" dela ohartarazi du, baina hartutako konpromisoa bururaino eramateko borondatea agertu du berriz ere: "Saminak eta amorruak ez digu norabidea lausotuko".
Espainiako eta Frantziako gobernuen eta "espetxe administrazioen ardurapean" hil dira bi presoak, EPPK-k nabarmendu duenez. Gainera, Lopez Peñaren kasuan, Frantziako arduradunen jarrera "makabroa" ere salatu du: "Bahiturik, isolaturik, azken arnasetan non eta nola zegoen senideei informazioa ukatuz. Baita hil geroztik ere, maltzurki".
Heriotza horiek "arduradun zehatzak" dituztela ohartarazi du EPPK-k: "estatuen gerra estrategian" dirautenak, espetxe politika "kriminala" gauzatzen dutenak, gatazka politikoa eta haren ondorioak ETAri egozten dizkiotenak, eta "diskrezioa lege" eginez "ardura saihestu nahi dutenak".
Jabi Martinezen lagunek espetxetik bueltan izandako auto istripua, eta Jose Marcoren heriotza —Joseba Vizan iheslariaren aitaginarreba zen, eta Brasilen hil zen astelehenean, hura bisitatzera joanda— ere gogoan izan ditu kolektiboak.
Egoera politiko "larria"
Joan den martxoaren 26an ETAk jakinarazitakoa ere ekarri du gogora: elkarrizketa eta negoziazio gunea desegitea. "Egoera politikoa larria da konponbide demokratikoaren alde gaudenontzat, gatazka luzatzeko arriskua baita", adierazi du. Bestalde, "konponbide demokratikoaren aldeko ahalegin eta indar orok" garrantzia duela adierazi du, "bide berriak irekitzeko oinarri" direlako.