EUSKAL PRESOAK

EPPKren adierazpenarekin bat egin dute preso ohiek

Kaleratzeak "modu eraikitzailean" uler daitezela eskatu dute EPPKren bitartekariek. Durangotik zuzeneko kontakizuna egin du Aitziber Laskibar Lizarribar BERRIAko kazetariak.

Preso ohien eta EPPK-ko bitartekarien agerraldia. ARP
2014ko urtarrilaren 4a
19:40
Entzun

Agerraldia egin dute gaur Durangoko Plateruenan EPPK-ko bitartekariek eta azken hilabeteetan libre geratutako preso ohi ugarik. Bi interpretazio politiko egin dituzte: EPPK-ren bitartekarien izenean hitz egin dute Estanis Etxaburuk eta Arantza Garbaiok; EPPKren izenean, berriz, Itziar Martinezek eta Antxon Lopez preso ohiak.

EPPK-ko kide izanik, kolektiboaren barne eztabaidan parte hartu dute preso ohiek, eta salatu dute hori garatzerakoan jazarpena jasan dutela. Hala ere, erabakiak hartu dituela gogora ekarri, eta EPPKren ondorioekin bat egin dute. Preso asko kaleratu diren arren, beste asko askatzeke daudela gogorarazi dute, eta konponbiderako bidean horiek ere kaleratu beharra azaldu.

Konponbidean modu eraikitzailean laguntzeko deia luzatu dute, eta beraiek hala aritzeko konpromisoa hartu dute. 2014ak sakabanaketa amaitzeko urtea izan behar duela aldarrikatu dute preso oihek. Horretarako, "herritarren garaia" dela esan dute.

Bitartekariek, berriz, dei egin dute presoen kaleratzeak "modu positiboan eta eraikitzailean" hartzera, eta datozen asteetan EPPKren ondorioak euskal eragileekin jorratzeko asmoa azaldu dute. Uste dute presoen auzia agenda politikoan egongo dela 2014an, eta gaur zortzi Bilbon egingo duten mobilizazioa aipatu dute erreferentzia nagusi gisa.

Baimena, ordu erdi lehenago

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekaritza taldearen agerraldia ez debekatzea erabaki du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Deialdiari buruzko informazioa eskatu zien atzo epaileak Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, ostegunean hori Ertzaintzaren lana zela esan zuen arren. Epaileak gaur ebatzi du ez dagoela delitu zantzurik, eta azaldu du polizia txostenetan ez dela "datu objektiborik" ageri ziurtatzeko agerraldian delituren bat egingo dutela. Nolanahi ere, Ertzaintzari eskatu dio ekitaldia zelata dezala.

Atzo iluntzean, ez dagoela agerraldia debekatzeko arrazoirik azaldu zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Izan ere, ez Ertzaintzak, ez Guardia Zibilak, ez Espainiako Poliziak ez diote agerraldiari delitu zantzurik ikusi. Hala erabaki zuen epaileak ere, beraz. Hala ere, ekitaldia zaintzeko eta delituak saihesteko agindu die Estatuko Segurtasun Indarrei. Eta deliturik egiten bada, egileak identifikatu zein atxilotzeko.

EPPK-k gaur zortzi plazaratutako adierazpenaren balorazioa egingo dute bitartekariek. Ekitaldian izango dira azken hilabeteetan aske geratutako hainbat preso. Adierazpen hartan, Euskal Herriratzea modu mailakatuan eta konpromiso indibidualekin nola egin aztertzeko prest agertu ziren EPPK-ko kideak. Foro Sozialaren gomendioak onartu dituzte, eta betetzeko bidean urratsak iragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.