Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Sortu alderdiekin eta Bildu, EH Bildu eta Amaiurren aliantza instituzionalen ordezkariekin bilera egin zuen atzo EPPKren bitartekaritza taldeak. Bilera taldeari "dagokion eginbeharra" betetzeko egin zuten, EPPKren eta gainerako eragile politiko, sindikal eta sozialen artean "zubi lana" egiteko alegia.
Bitartekaritza taldeak ohar bidez jakinarazi zuenez, hainbat gai jorratu zituzten bileran. Hasteko, EPPKren azken erabakia azaldu zuten bitartekariek, iazko abenduaren 28an publikoki jakinarazi zutena; urrats horrek Euskal Herrian abian den prozesuari egiten dion ekarpenaz ere hitz egin zuten. Espetxe politikaren eraginak eta EPPK-k hori bukatzeko abiatu berri dituen ekimenez hitz egin zuten.
Egungo egoera "gainditzeko" euskal gizartean eman daitezkeen pausoak ere solasgai izan zituzten. Kolektiboaren ekarpenek eta "horrekiko kontaktuak duten garrantzia" kontuan harturik, etorkizunean alderdien eta kolektiboaren arteko harremana sendotzeko asmoa agertu zuten bertaratuek.