EPPKren itxialdi txandakatuaren seigarren txanda honako kartzela hauetan dauden euskal presoek osatzen dute: Valdemoro, Los Rosales, Uzerche, Curtis, Bonxe, A Lama, Monterroxo, Alcala Meco, Muret CD, Ourense, Villabona eta Malaga. Presoak martxoaren 5era bitartean izanen dira euren ziegatan ezertarako atera gabe. EPPK-k hasitako borrokaren helburua «isolamendu politikoari amaiera ematea eta presoei dagozkien oinarrizko eskubideak zein eskubide politikoak ezagutzea da». Era berean, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen du EPPK-k, «horrek ahalbidetuko bailuke herritar horien parte-hartzea Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko has daitekeen prozesuan».
AAMren gutuna EAJri
Bestetik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak EPPKren borrokaldia dela-eta, gutuna helarazi zien EAJren arduradunei batzokien aurrean eginiko elkarretaratzeen ostean. Idazki horretan euskal presoen aferaren inguruan EAJri ardurak eta konpromisoak hartzeko exijitzen dio AAMk. Euskal presoen sakabanaketaren kontra EAJk aspaldi honetan «behin eta berriro aldarrikatzen duen jarrera argia» txalotzen du AAMk, baina «hitzak ekintzak bilakatzeko» eskatzen dio. Bestela, «erretorika hutsean ainguratuta jarraituz gero, aurrean izango gaituzue» ohartarazi dio AAMk EAJri, gutunean. Gainera, euskal presoen sakabanaketan eta horrek eragindako ondorioetan EAJk oinarrizko erantzukizuna duela uste du AAMk, politika hori «EAJk sustatuta eta justifikatuta» sortu zelako.
Egungo testuinguru politikoan euskal presoek Euskal Herrian ireki daitekeen konponbiderako prozesu politikoan eragile izan behar dutela esan du AAMk. «Beraz, euskal presoak Euskal Herriratuak izan beharko dira, dagozkien eskubideak errespetatuak izan eta, gainontzeko eragile politikoekin batera, prozesu politiko horretan urratsak egiteko aukera izan beharko dute». EAJren batzokien aurrean eginiko elkarretaratzeetan jende ugari bildu zen, AAMk azaldu zuenez. Hiriburuez gain, herri eta auzoetako batzokietan egin zituzten mobilizazioak. Halaber, Batasunak elkarretaratzea egin zuen atzo eguerdian Baionako presondegi aitzinean, presoen izaera politikoa aldarrikatzeko.
-
BILERA GOTZAINAREKIN
«Gero eta preso politiko gehiago ditu Espainiak»
Donostiako gotzaina Juan Maria Uriarterekin elkartu eta gutuna eman zion atzo Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak, urtarrilaren 28an Arantzazun eginiko presoen aldeko ekitaldietan agertutako kezkak, ekimenak eta proposamenak adierazteko. Besteak beste, Espainiak preso politikoak dituela nabarmentzen du elkarteak, eta gero eta gehiago direla. Gainera,presoen gainean salbuespen legedia ezarri dutela esan du elkarteak. Bestetik, epaileek polizien gaineko kontrolik ez dutela azpimarratu du Uriarteri bidalitako gutunean, eta horren ondorioz egiten direla tortura salaketak. Euskal presoen sakabanaketa politikaren ondorio larriak azpimarratzen ditu Kristau Elkarteak: «hildako senide eta lagunen kopurua gero eta handiagoa da». Horren guztiaren aurrean, konpromisoak hartu behar direla dio elkartearen gutunak. Horien artean, presoen sakabanaketa ezabatzea, salbuespen lege eta aginduak baliogabetzea, eta tortura eta tratu txarren desagertzea. Gainera, neurri horiek eta beste batzuk Euskal Herriaren bake prozesurako urrats garrantzitsua izango direla adierazi diote elkarteko kideek Uriarte gotzainari.