Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) urtarrilaren 3tik aurrera daraman borrokaldiaren barruan, euskal presoen laugarren txanda sartu da gaur itxialdian. Oraingoan, Fresnes, Herrera, La Sante, Badajoz, Cuenca, Alcazar de San juan, Bois d´Arcy, Versailles eta Albaceteko espetxeetan dauden euskal presoak dira bart gauerditik otsailaren 12ra bitartean itxialdian egongo direnak. Guztira 95 preso daude bederatzi espetxe horietan.
Aldi berean espetxe guztietan propaganda ekimenak izango dira gaur, Askatasunak adierazi duenez, «abiatzen den txandaren berri eman eta borrokaldiaren orokortasuna islatuz». Era berean, Euskal Herriko zenbait herritan mobilizazioak egin ziren atzo euskal presoen protestaldiarekin bat eginez.Euren estatus politikoa aldarrikatzeko borrokaldia iragan urtarrilaren 3an abiatu zuen EPPK-k espetxe guztietako euskal preso guztien hamarminutuko planto bateratuarekin. Hurrengo egunean, euskal presoen lehen txanda itxialdian sartu zen hamar egunerako. Gauza bera egin zuten bigarren eta hirugarren txandako presoek. Hirugarren txandak atzo itxialdia amaitu zuen eta aipatu espetxeetako presoek borrokaldiaren lekukoa hartu zuten. EPPK-k hasitako borrokaren helburua «isolamendu politikoari amaiera ematea eta presoei dagozkien oinarrizko eskubideak zein eskubide politikoak ezagutzea da». Era berean, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen du EPPK-k, «horrek ahalbidetuko luke herritar horien parte-hartzea Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko has daitekeen prozesuan».
Zigorrak jaso dituzte presoek protesta egiteagatik
Bestetik, itxialdia egiteagatik ugari izan dira euskal presoek jaso dituzten zigorrak. Hala, Huelvako espetxean gutunak, egunkariak, instantziak eta dendan erositakoak jasotzea ukatu zieten. Puerto I kartzelan bisitak eta telefono deiak kendu zizkieten. Algecirasko espetxean bisitak, deiak eta dirua jaso ahal izatea ukatu zieten. Gainera, Askatasunak adierazi zuenez, Murtziako espetxean dauden sei euskal presok itxialdiaz gain, gose grebari ekitea erabaki zuten. Itxialdiari ekin ondoren, funtzionarioak otorduekin xantaia egiten saiatzen ari zirelako.
EUSKAL PRESOAK
EPPKren itxialdiaren laugarren txandan sartu dira gaur 95 preso
Otsailaren 12a bitartean protesta egingo dute Espainiako eta Frantziako bederatzi kartzelatan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu