Agerraldi bat egin zuten atzo Sortuk, Ernai gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abenduaren 28an eginiko adierazpenaren eta EPPK-ko bitartekariek eta preso ohiek herenegun eginiko ekitaldiaren inguruan ezker abertzaleak egiten duen balorazioa plazaratzeko.
Eragile horien ustez, EPPK-k "funtsezko ekarpena" egin dio konponbide prozesuari, eta salatu Espainiak "gatazkaren konponbiderako inongo borondaterik gabe" diharduela. Kritikatu dute "gotortuta" dagoela estatua, "euskal presoen gaia bataila nagusia bilakatu duelarik, irabazle eta galtzaileen kontakizuna inposatzeko ahaleginean".
Horren aurrean, EPPK "egoera politikoa astintzeko gai" izan da, ezker abertzalearen ustez, eta "euskal herritarrak eta nazioarteko komunitatea" izan dira plazaratutako adierazpenaren hartzaile nagusiak.
Ezker abertzaleak beharrezkotzat jo du sakabanaketa politika amaitzea, "estatu-biolentziaren adibide argigarrienetarikoa" delakoan. Horretarako, aldarri hori "herri eskaera ezin zabalagoa eta anitzagoa izatetik, presio bide iraunkor eta efikaza" izatera eraman nahi dute: "Ez dugu zalantzarik gai izango garela, herri honetako gehiengo politiko eta sozialaren eskutik eta nazioarteko eragileen laguntzaz, herri honetako ekuazio politikotik sakabanaketa behin betikoz desagerrarazteko. Denbora eta bultzada kontua da, uholde herritarrak mugiaraziko du Estatua, munduan zehar hainbat gatazken konponbidean gertatu den moduan".