Laura Mozza. Sexu langilea

«Erabaki egin dugunontzat, ez du ezer txarrik lanbide honek»

Asko hitz egiten da prostituzioaz eta sexu langileez, baina gutxitan galdetzen diete iritzia haiei. Laura Mozzak prostituzioan lan egiten du, eta asko du esateko.

Kattalin Miner.
Donostia
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ahotsa ordezkatzeko baino gehiago, ahotsa entzunarazteko asmoz, zuzen inguratu da Laura Mozza (Buenos Aires, 1974), eta lasai eta argi esan du: «Sexu langilea naiz, eta gustura hitz egingo dut». Hamalau urte daramatza prostituzioan lanean, eta azkeneko urteetan estigmari aurre egiten saiatu da, zein lanbide duen ingurukoei lasai esanez. Gainera, bere lan egoera erregulatu du.

Puta estigmaz galdetuta, argi azaldu du bere ikuspegia: «Ni neu ere estigmatzailea naiz, gizarte honetan bizi naizen heinean. Eta neure burua ez baztertzen saiatzen banaiz ere, askotan nik neuk ezartzen diot estigma neure buruari. Uste dut hori dela arazo handienetako bat, guk geuk geure burua baztertzea. Esan nahi dut: gizarte honen parte gara, hemen hezi gara, eta 'begira hura' esaten erakutsi digute. Horregatik, askotan guk geuk ere estigmatizatzen ditugu besteak, denok bezalaxe. Eta, aldi berean, geure buruak». Hala ere, argi du errua ez dela beraiena bakarrik. «Noski, ez da dena gure ardura, nik neure burua askotan ikusten baitut baztertzera behartuta, ezkutatzera. Bestalde, batzea kostatzen zaigu, oso zaila da gure artean batzea, zehazki horregatik, baztertu egiten garelako. Baina batu ezean, ezin dugu ezer egin; batek bakarrik ezin du ezer egin: inurri lana da».

Legez antolatzeko zailtasunak ikusita, Mozzak bere kasa erregulatu nahi izan du lan egoera. «Ni, adibidez, autonomo gisa izena emanda nago, eta orain dela bost hilabetetik kotizatzen dut. Aholkularitza baten bitartez egin nuen, eta nire helburua sexu langile moduan izena ematea zen, baina, noski, hori ezin da...». Bere burua sexu langile gisa Gizarte Segurantzan erregistratzea lortu zuen Gloria Poyatos epaileak. Kasu horri buruz, ñabardurak egin ditu Mozzak: «Hark, benetan, ez zuen lortu sexu langile gisa izena ematea, baizik eta epigrafe batean hainbat zerbitzu pertsonal jartzea. Ni neu ere horrela nago, eta gero zehaztu dezakezu sexu langilea zaren edo ez, baina, adibidez, seguru bat kontratatzeko garaian, niri ez datorkit ongi, zeren seguruak ez dit ia ezer babestuko. Arazo hori hor dago. Baina nik kotizatu egiten dut, Gizarte Segurantzarako eta gaixo agiria lortzeko aukera dut...».

Askotan, sexu langileek aldi baterako lan gisa ikusten dute prostituzioa, eta horregatik ez dute erregulatzeko pausorik eman nahi. Ez da Mozzaren kasua: «Lanbide honek ez du ezer txarrik, lan hau egitea erabaki dugunontzat gutxienez. Ni Argentinatik etorri nintzen, eta hemen hasieran ez nuen prostituzioa egiten, nahiz jada sexu esparruan lanean nenbilen. Bertan egonda, gauza asko ulertu nituen, eta ezagutu, zeren nik neuk ere aurreiritziak nituen, eta konturatu nintzen hura ez zela nik imaginatzen nuen bezalakoa. Nik erabaki egin nuen honetan lan egitea, ez zen izan beharragatik. Ez da pentsatu ohi den bezala; niri, behintzat, ez zitzaidan asko kostatu; ezagutu, eta erabaki egin nuen. Egia da badituela bere gorabeherak, beste edozein lanek bezala, baina ez du ezer txarretik, inondik inora. Are gehiago, esango nuke lan ona dela. Ez nuke esan nahi hemendik orain denak prostituitzera atera behar direnik, ezta gutxiago ere, baina oso ondo ordainduta dagoen lana da, eta ez naiz alde ekonomikoaz bakarrik hitz egiten ari».

Ingurukoek zein familiak badakite zertan lan egiten duen, nahiz kasu batzuetan gauzak «pixkanaka» egin behar direla uste duen. Alabaz ari da. «Nire familian denek dakite, eta hemengo lagunek ere bai. Nire alabak 13 urte ditu, eta beste era batean hezitzen saiatzen naiz, ez ni edo zu hezi gaituzten bezala, edo gure gizarte honetan bezala. Beste ikuspegi bat ematen saiatzen naiz, nahiz eta hori oso zaila den, adin horretan eragin soziala izugarria baita, familiarena baino handiagoa agian. Hala ere oinarria badu, irekia da. Hark erdizka daki zertan lan egiten dudan; badaki prostitutei laguntza ematen dien elkartearekin elkarlanean nagoela. Uste du neskak lan egiten duten etxe bat dudala, eta nik zuzenean ez dudala lan egiten. Oraindik gauzak gorde behar dizkiot, baina hori ez du nigandik jaso; gizarteak helarazi dio mezu hori. Pixkanaka jakitea nahi dut, baina bera prest dagoenean izango da hori. Ezin diot pisu hori jarri, oraindik gaztea da; hori da estigma noraino iristen den adibide bat».

Azalpenak eman beharra uneoroko lan bat dela azaldu du. «Prozesu hori etengabea da. Jende berria ezagutzen duzun bakoitzean... Adibidez, orain pasatzen zait eskola munduko jendearekin. Laguntasuna egin ahala, orain jakiten ari dira zer egiten dudan. Lehenengo, konturatzen naiz morboa ematen diela, denek jakin nahi dute zerbait... Baina gero segituan onartzen dute, norberak naturaltasunez hitz egiten badu, azkenean naturalki hartzen dutelako haiek ere. Zuk zeuk estigmatik at hitz egiten baduzu, estigma kentzen diozu. Azken batean, nik esaten dut terrorismoa egiteko modu bat dela. Nik etxean terrorismo familiarra egiten dut. Jendeari burua garbitu behar zaio, desikasi eta aurreiritziak kentzeko».

Estigmari aurre egiteko erabili ohi den Denok gara putak leloaren inguruan galdetuta, ados agertu da, baina gauzak argi ditu: «Niri ez zait inporta denek esatea denok puta garela, azken batean puta izango baita puta dela esaten duen hori, ez soilik egiten duena. Baina bakoitzak gure motxilak ditugu, eta egiten dugunok esan ezean, puta ikusezinak izango gara. Beraz, denok putak garela esateak laguntzen du. Nik badakit, ordea, zer bi kontzeptu dauden puta horren atzean. Bat izan daiteke gizartearentzat asko ligatzen duen norbait izendatzeko; eta guztiz desberdina da ni bezala puta izatea lanbidez, eta horrek esan nahi duena. Sozialki, ez du zerikusirik puta irainak puta lanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.