Politika

Erabaki eskubidearen aldeko plataforma sortu dute

Euskal gizarteko hainbat lagunek eratu dute taldea. "Pertsona eta herri guzti guztien eskubideak errespetatzea" eskatu dute, eta "askatasuna bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliz" lortu behar dela. Otsailaren 10ean ekitaldia egingo dute Donostian, Kursaalen.

2008ko urtarrilaren 18a
14:34
Entzun
Euskal herritarren erabaki eskubidearen aldeko plataforma sortu dute euskal gizarteko ia ehun lagunek, 'Erabaki' izenekoa, eta atxikimendu gehiago lortu nahi dituzte; erabaki.nireblog.com webgunea sortu dute, eta bertan eman daiteke babesa.

"Erabaki nahi dugu eta erabaki egingo dugu, gure eskubidea delako", diote, "pertsona eta herri guzti guztien eskubideak errespetatuz". Haien arabera. “Euskal Herria Europako herrien multzoan berezko nortasuna duen Herri bat da eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, herrien autodeterminazio eskubidearen arabera. Eskubide hori nazioartean onartuta dago”. "Askatasuna, bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliz" nahi dutela esan dute.

"Bakearen bidea urratzeko", erabaki eskubidea garrantzitsua dela deritzote. "Indarkeriari elkarrizketaren bitartez amaiera" eman behar zaiola uste dute, "ETAk garbi iragarrita borroka armatua bertan behera utzi duela".

"Normalizazio politikorako bidea urratzeko" ere nahi dute eskubide hori gauzatzea. "Normalizazioa, erabaki ahal izateko errespetua, aniztasuna eta askatasuna erabiliz". Espainiako Alderdien Legea indargabetzea eskatu dute, eta euskal herritar "guzti-guztiei" eskubide politiko zibilak "itzultzea".

Otsailaren 10ean ekitaldia egingo dute Donostian, Kursaalen, 12:00etan. Erabaki eskubidearen aldeko "herritarren lehen mobilizazio handia" handia izatea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.