Euskal Presoak

Erabakiak "askatasunez" hartzeko, presoak Euskal Herriko kartzela batean batzeko eskatu du EPPK-k

Argia-k Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaideak elkarrizketatu ditu. Biak ala biak "prozesuari ekarpen positiboa" egiteko prest agertu dira.

Etxeratek eginiko zapi katea Iruñean, iazko abenduan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 1a
08:41
Entzun

Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu EPPK-ko mintzaideak Argia-ri emandako elkarrizketan sakabanaketa bukatzearen garrantziaz aritu dira. "Ez ote da iritsi kontrako bidea egiteko ordua? Kide guztiok Euskal Herriko kartzela bakarrean elkartuz, gizarte eragileekin harremanak izaten utzi eta gure artean askatasunez eztabaidatu eta erabakiak hartu ahal izan ditzagun”.

Haien arabera, "eustea" izan da presoen orain arteko eginkizun nagusia, eta “[2011ko urriaz geroztikako] egoera berrian eusteaz gain prozesuari ekarpen positiboa" egiteko prest azaldu dira. "Marra gorriak" ere aipatu dituzte, ordea: "Gure marra gorriak engaiatu ginen borrokari bizkar ematea, damutzea eta salaketa dira". Uste dute euskal presoei horrelako baldintzak eskatzea "zinezko konponketa batek behar dituen osagaien kontrakoa" dela. Gainera, haien iritzian, Espainiako Estatuak "ezker abertzalea bere burua ukatzera eraman nahi du, aurrera egiten utzi ez eta iraganari buruzko irakurketa irabazle-galtzaile eskemara murriztu nahi du".

Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera salatu dute, "ez baitute konponketaren bidean urratsik egin nahi", eta, ondorioz, euskal presoen eskubideen alde dauden indar guztien batasuna eskatu dute, denen beharra izango delakoan. Ipar Euskal Herriko eremu politikoa eta soziala "eskuzabalki eta baikortasunez" ari dela adierazi dute.

EPPK-ko mintzaideek "oso balorazio positiboa" egin dute Parisko Bake Konferentziaz, "bertan egindako adierazpenak eta Frantziako Gobernuari egindako deia gatazkaren konponbidean aurrera egiteko egokiak direlako". Aipatu dute Parisko bilkuran kolektiboaren mezua Gabi Mouesca preso ohiaren bidez eman zutela.

Amnistia posible al den galdetu die Argia-k Iparragirreri eta Albisuri, eta erantzun dute kartzelara eraman zituzten "arrazoiak gainditzearen ondorioz gehiago euskal presorik politikorik eta iheslaririk" ez egotea dela amnistia euren iritzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.