EUSKARAZKO KOMUNIKAZIO TALDEA

«Erabakiak eztabaida emankor baten ostean hartzea nahi dugu»

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
ANDOAIN
2004ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Biharko akziodunen batzarra egin aurretik, prestaketa lanetan ari zela erantzun die Joanmari Larrartek Berriaren galderei.

24.404 akziodun daude deituta biharko batzarrera. Batzar berezia dela esan al genezake?

Neurri batean, bai. Batetik, enpresa honen lehenengo akziodunen ohiko batzarra da, eta, horrek esan nahi du urteko kontuak lehenengo aldiz aurkeztuko direla batzarrean; bestetik, 2003an kapitala handitzeari esker etorritako 24.404 akziodunak lehen aldiz daude deituta batzarrera.

Jende asko espero al duzue batzar horretan?

Guk uste dugu jendea etorriko dela, baina badakigu jende askok proiektu honi laguntzeko egin dela akziodun. Hala ere, jende askok bere ordezkaritza bidali du EKTren Administrazio Kontseiluaren lehendakariak batzarrean ordezka ditzan. 2.000 akziodunek egin dute, dagoeneko, hori.

Batzarraren gai ordenan beste kapital handitze bati ateak irekitzeko proposamena egin duzue. Zergatik proposatu duzue hori?

Orain arteko erantzuna oso ona izan da, baina apirilaren 29an akziodun egiteko epea itxi egin zenez, zenbait jendek ez du aukerarik izan bere akzioak erosteko, eta jakin badakigu badagoela horretarako gogoa duen jendea. Bide hori ireki nahi dugu, proiektu honek, EKTk, baliabideak beharko dituelako aurrerantzean bere garapena ziurtatzeko eta bere proiektuei eutsi ahal izateko. Batzarrera joango direnei hau eskatuko diegu: Administrazio Kontseiluari baimena ematea, egoki ikusiz gero, hurrengo bost urteetan beharrezko ikusten dituen kapital handitzeak egiteko. Hori guztia, beti ere muga batzuen barruan.

Horrez gain, iazko kontuak batzarrari aurkeztu eta Administrazio Kontseilua osatzea dira egiteko lan nagusiak. Ba al da besterik?

Akziodunen batzarraren eskumen diren gauza batzuk derrigorrez egin behar ditugu. Enpresaren auditoreak izendatu behar ditugu, esate baterako.

Akziodun bakoitzarekin harremanetan jarri zarete, ezta?

Akziodunen batzarrera deitzen denean, aldizkari ofizialean eta komunikabideren batean argitaratu behar izaten da deialdia. Horrez gain, akziodun guztiei deialdi eta gonbidapen gutuna bidali diegu, batzar honetan parte hartzea garrantzitsua dela esanez. Akziodun ugari etorri eta eztabaida emankorra izan dezagun nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.