Politika

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gasteizko Gobernuak, aurreneko Jaurlaritzaren 70. urteurrenean

Gaur 70 urte osatu zen lehendabiziko Jaurlaritza, eta urteurren horren harira, egungoak, omenaldia egin dio Gernikako Juntetxean. Jaurlaritza hark defendatzen zituen balio berak babesten dituela oraingoak nabarmendu du Ibarretxe lehendakariak, eta ildo horretatik, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu du.

2006ko urriaren 7a
18:11
Entzun
Jose Antonio Agirre lehendakariak eta hamar sailburuk osatu zuten aurreneko Jaurlaritza hura. Haien seme-alaba eta biloben aurrean egin die omenaldia ordukoei oraingo lehendakari eta sailburuek, Gernikako Juntetxean. Hunkigarria izan da ekitaldia.

Gasteizko Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du Jaurlaritza hura gogoan izateko, eta Juan Jose Ibarretxe egungo lehendakariak eman du horren berri. Batetik, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra eta haren ondorengo Francoren diktadura luzea gaitzetsi ditu. Bestetik, "Euskal Herriaren izana eta askatasuna defendatuz, intolerantzia eta faxismo totalitarioari aurre egiteagatik"errepresioa jasan zuten gizon-emakume guztiak eredugarri direla adierazi du, eta haien oroitza bizirik mantentzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak.

Ildo horretatik, aurreneko Jaurlaritza hartako kide guztiei "eske ona eta omena" agertu die, eta, era berean, hilondoko dominak eman dizkie. Ibarretxek azpimarratu du orduko Gobernuaren balioak, "bakea, justizia soziala eta Euskadiren askatasuna" direla egungo Jaurlaritzaren balio nagusiak. Hori dela eta, Jaurlaritzak "Euskal Herriaren nahimen demokratikoa defendatu eta errespetatzeko konpromisoa" duela aldarrikatu du, "herri gisa, munduko beste herriekiko berdintasunean, elkartasunean, eta solidaritatean, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela uste baitugu", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.