Autogobernu lantaldea

Erabakitzeko eskubidea, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen proposamenen gakoa

EAEko estatus politiko berri baterako ekarpenak aurkeztu dituzte alderdi guztiek Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean. Erabakitzeko eskubidea txertatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek euren testuetan, nork bere modura. PSEk ordenamendu juridikoa errespetatzeko galdegin du, eta PPk erabakitzeko eskubidea arbuiatzeko eskatu dio lantaldeari.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Jone Berriozabal EAJkoa, gaur Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen bileran. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2018ko otsailaren 7a
07:58
Entzun

Erabakitzeko eskubidea jaso ala ez, eta jasoz gero, nola egin. Horixe izan da gaur Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen bileran alderdiek aurkeztutako proposamenek sortutako eztabaida. Talde guztiek aurkeztu dituzte EAEko estatus politiko berri bat adosteari begira landutako ekarpenak, eta erabakitzeko eskubidea gakoa da EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen proposamenetan.

EAJk estatus politiko berri bat proposatu du, "hausturarik" gabe eta aldebiko akordioa lortuta. Itun berriak erabakitzeko eskubidea jaso beharko lukeela diote jeltzaleek, baina eskubide horren ariketa estatuarekin itaunduta egitea proposatu dute. Hala, Kontzertu Ekonomikoaren pareko ituna proposatu dute hori bermatzeko: Kontzertu Politikoa. Itun berriak "Euskadi nazio gisa" jasotzea eskatu dute jeltzaleek, eta hori egitea posible ikusten dute Espainiako Konstituzioak eta Estatutuak jasotzen dituen eskubide historikoetan sakonduta.

EH Bilduk "berdinetik berdinerako" harremana nahi du Espainiarekin. Igandean aurkeztu zuen EH Bilduk Autonomiatik subirautzara. Estatus berri baterako oinarriak izenburua duen dokumentua, eta han koalizioak proposatzen du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatuko luketen EEE Euskal Estatu Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremana "berdintasun politikoaren printzipioaren gainean" artikulatzea. Erabakitzeko eskubidea, bi modutan jasotzen du: alde batetik, lurraldeen arteko egituratzearen auziaz eta Espainiarekin zein nazioarteko gainerako estatuekin izan beharreko harremanaz erabakitzeko, eta beste aldetik, "funtsezko politika publikoak parte hartzearen bidez" lantzeko.

PSEk ez du hitzez hitz erabakitzeko eskubidea aipatzen bere proposamenean, baina dio "herritarrengan eragina duten gaietan" herritarrek erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela, eta itun berriak jaso beharko lukeela aukera hori.  Hori bai, edozein erreforma "ordenamendu juridikoa" errespetatuta egin beharko dela azpimarratu dute sozialistek.

Elkarrekin Podemosek, berriz, estatutu berri bat behar dela dio. Itun berriak "politikoki indartsua" izan behar duela dio, eta nazio izaera eta eskubide historikoak bermatu beharko dituela. Nolanahi ere, Elkarekin Podemosek bi mahai eratzea proposatu du, modu paraleloan: batean estatutu berriaz eztabaidatuko litzateke, eta bestean, erabakitzeko eskubideaz. Kanadako argitasun legea adibidetzat jarri du Elkarrekin Podemosek, bide legalak eta herrien erabakitzeko eskubidea uztartzen dituelako.

PPk, berriz, Gernikako Estatutua "bere horretan" uztea eskatu du, eta lantaldeari eskatu dio arbuiatu dezala erabakitzeko eskubidea eta "Euskadik sezeriorako eskubidea" izatea. Estatutua bere horretan mantendu nahi badu ere, PPk "ezinbestekotzat" jo du Lurralde Historikoen Legea eta Ekarpenen Legea erreformatzea.

Alderdiek proposamenak aurkeztuta, lantaldeko koordinatzaileari sintesia egiteko eskatu diote, eta bi aste barru bilduko dira berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.