Urte politikoari hasiera emateko bilera egin du EH Bilduk, eta datozen hilabeteetarako erronkak ezarri ditu. Horien artean aipatu ditu erabakitzeko eskubidearen alde jardutea eta egoera sozioekonomikoari aurre egitea. Maite Iturrek azaldu duenez, koalizioak "ilusioz eta arduraz" ekingo dio urte politikoari, eta larunbatean egingo duten ekitaldi publikoan aurkeztuko dituzte "proposamenak, erantzunak eta erabaki zehatzak".
Alor sozioekonomikoari buruzkoak izango dira horietako batzuk, Iturrek azaldu duenez, "politika neoliberalek egoera oso zailean utzi baitute gizartearen zati handi bat". Gaineratu du "herritar gehienek" ez dutela ikusten "ustezko suspertzearen izpirik". Iturrek nabarmendu du EH Bilduk "irmoki" defendatuko dituela eskubide sozialak "herrialdeko eragile sozial gehienekin".
Eskoziako eta Kataluniako prozesu subiranistak ere hizpide izan ditu. Prozesu horiek "euskal gizartean ilusioa" piztu dutela uste du, eta erantsi du Euskal Herrian "erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozialaren aktibazioak urrats handia" egin zuela iragan urte politikoan.
Halaber, nabarmendu du Euskal Herriak "bere bidea" egingo duela Madrilera eta Parisera begira egon gabe, "handik soilik ukazioa" datorrelakoan.