Normalizazio politikoa lortzeko asmoz EAE Euskal Autonomi Erkidegorako proposamen zehatza egin du Aralarrek. Alderdi horren iduriko, azkenaldian hitzetik hortzera dabil herri galdeketaren inguruko eztabaida, baina zehaztasunik gabe. Hain zuzen ere, eduki zehatzetara eraman nahi du Aralarrek eztabaida hori gaur aurkeztu duen proposamenaren bidez.
Bide horretatik, bi ohar egin ditu Aralarrek: batetik, galdeketaren inguruko eztabaida gainditu behar dela, eta egiteko urratsak zehaztu behar direla. Bestetik, galdeketa ez dela helburua, normalizazio politikoa lortzeko tresna baizik.
Galdeketaren nondik norakoak zehazteko, elkarbizitza akordio berriari buruzko izan beharko litzatekeela uste du Aralarrek, eta erabakitzeko eskubidearen onarpena eta Estatuarekin hitzartzeko obligazioa izan beharko lituzkeela oinarri. Bi printzipio horiek ezarrita, Hego Euskal Herrian -alde batetik EAEn eta bestetik Nafarroan- zeharkako akordioak lortzeko ahalegina egin behar dela iritzi dio. "Ez dago beste biderik", nabarmendu dute Aralarreko buruzagiek. "Erabakitzeko eskubidea eta zeharkako akordioak ez dira bateraezinak".
Hori guztia aintzat hartuta, EAEn elkarbizitzarako akordio berri bat lortzeko ahalegina egitea proposatu dute, baina oraingoan denbora epe zehatz bat jarrita. Halaber, epe horren amaieran galdeketa egitea proposatu dute, hitzarmena lortu edo ez. Akordioa lortuz gero gizartearen berrespena bilatuko litzateke. Akordiorik ezean, ezadostasuna gizarteari hitza emanez gainditzea.
Aralarrek proposamen hori eramango du Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko saiora. Patxi Zabaleta koordinatzaileak, Jon Abril koordinatzaileordeak eta Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak aurkeztu dute.
Politika
Erabakitzeko eskubidea eta zeharkako akordioak bateragarriak direla iritzi dio Aralarrek
Areago, Hego Euskal Herrian normalizazio politikoa gauzatzeko zeharkako hitzarmenak lortzeko saioa egin behar dela azpimarratu du. Hala ere, akordiorik egon edo ez galdeketa egin behar dela uste du, eta epe eta data zehatzak jarri behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu