EUSKAL HERRIA

"Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko tresna gisa", EH Bilduk ontzat jo du estatus politikoa aldatzea

Koalizioa eta EAJ ostegunean batzartuko dira estatus berriaz hitz egiteko. Loiolako elkarrizketetan adostutakoa eta 2004an Eusko Legebiltzarrak onartutako estatutu proiektuaren hitzaurrea oinarri dituen proposamen bat jarriko du EH Bilduk mahai gainean.

EH Bilduko hautetsiak, Miramar jauregian. HODEI IRURETAGOIENA
Berria.info
2013ko abenduaren 3a
16:13
Entzun

Estatus politikoa aldatzeko EAJk azaldutako asmoaren inguruan bere jarrera ezagutarazi du gaur EH Bilduk, Donostiako Miramar jauregian eginiko ekitaldi batean. Bertan izan dira koalizioko hainbat erakundetako hautetsiak.

Rebeka Ubera legebiltzarkideak hartu du hitza. Haren esanetan, koalizioak begi onez ikusten du estatus politikoaren aldaketa, estatus berri horrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko tresna gisa balio badu. "Erabateko demokrazia ekarriko duen tresna bezala ulertzen dugu estatus berria".

Halaber, ohartarazi du EAJren proposamenak Euskal Herria subjektu politiko gisa onartu behar duela koalizioak onar dezan. Uberaren arabera, egun indarrean den 1979ko autonomia estatutuak porrot egin du, eta iragarri du erreforma estatutario batek ere, aipatutako baldintzak jaso ezean, porrot egingo lukeela.

Lehen bilera, ostegunean

Ostegunean bilduko dira EAJ eta EH Bildu, eta bilkura horretara proposamen bat eramango duela jakinarazi du koalizioak. Bi testu izango ditu oinarri proposamen horrek: Juan Jose Ibarretxeren garaiko Eusko Jaurlaritzak eginiko autonomia estatutu proiektuaren hitzaurrea eta 2006an Loiolako elkarrizketetan EAJk, PSE-EEk eta Batasunak adostutakoa. Bost puntu jaso zituzten akordio horretan: Euskal Herriaren identitate nazionala aitortzea; Espainiako Estatuak euskal herritarren erabakia errespetatzea; nazioarteko ordenamenduetako eskubideak errespetatzea; EAEren eta Nafarroaren arteko organo komun bat sortzea; eta erreferendumerako eskubidea jasotzea.

Aldaketak, ordea, gizartearen babesa beharko duela ohartarazi du Uberak: "Eragile politikoek, sindikalek eta sozialek bat eginda bakarrik lortuko dugu askatasunean eta demokrazian oinarritutako etorkizuna gauzatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.