Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidentearen esanetan, bakea egonkortzeko "bide bat marrazteko" unea da, gizartea "bakerako trantsizio bat" bizitzen ari delakoan. Erabakitzeko eskubidea beranduenez 2020. urtean gauzatzeaz, Egibarrek esan du Urkulluk "denbora marko bat" proposatu duela "gure esfortzuak eta lanak egutegi horretan" kokatzeko. Nolanahi ere, egutegi hori "gutxi gorabeherakoa" dela gaineratu du. Egibarrek "asmo txarra" antzeman du PSErengan, "bakea eta erabakitzeko eskubidea nahastuta".
EH Bilduko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalaren ustez, ordea, garrantzitsuagoa da "nora goazen jakitea eta urrats sendoak egitea", data bera baino. Urkulluk galdeketa egiteko 2020. urteko muga zergatik jarri duen ez dakiela aitortu du. Agirrezabalaren ustez, "erabateko bakea" lortzea izan behar da egungo helburu nagusia, eta, zentzu horretan, positibotzat jo du Donostian egin duten alkateen bake konferentzia.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkidearen arabera, "ideia txarra da lapiko berean bakea eta estatus politikoa nahastea". "Uste dut bakea dela helburua eta ez dela inolako helburu politikoekin nahastu behar", azaldu du: "Oso gutxi kezkatzen nau 2015a edo 2020a izatea, ulertzen baitugu abertzaleen nahi bat besterik ez dela, zilegia, baina guk konpartitzen ez duguna".
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, berriz, uste du Urkulluk "iraungitako egitasmo zaharrak berreskuratzeko" asmoa duela. Baketzeaz galdetuta, esan du Donostian eginiko bake konferentzia "iruzurra" izan dela.