Aldebikotasunean eta berdinen arteko harremanetan oinarritutako estatu eredu konfederala jasotzen du EAJk eta EH Bilduk adostu eta gehiengoz onartu duten testuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren erabakitzeko eskubidea jasotzen du, baita ere, estatutuaren hitzaurreak. Aurreratzen du "berdinen artekoak" izango direla Espainiarekiko harremanak. Ordea, zehazten du euskal autogobernuaren berritzeak "legezkotasunaren oinarrietara" egon behar duela lotua.
Euskal Herria "nazio bat" dela dio hitzaurreak; "Euskal Herriak berezko nortasuna" duela eta bi estatutan banatutako zazpi lurraldetan kokatzen dela. Horretaz gain, zehazten du erabakitzeko eskubidea dela "euskal herritarren erabakitzeko, adierazteko eta borondatez adostutako elkarbizitza baterako formulak gauzatzeko borondate kolektiboa ezartzeko ahalmena".
Idoia Mendia buruzagi sozialistak, berriz, "legea errespetatu" beharraz ohartarazi die alderdiei, eta lehentasuna eman die eskubide sozialei. "Herritarrek eskatzen dutena da giza eskubideak kontuan hartuko dituen autogobernua, geure burua ezagutzeko balioko duena, edozer pentsatzen eta sentitzen dugula ere".
Adostutako hitzaurrearen pasarteak:
Gernikako estatutuaz: "Euskal autogobernuaren sendotzean, instituzionalizazioan eta herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen hobekuntzan lagundu du".
Indarkeriaz: "Azken ehun urteotan, euskal gizarteak gutxienez lau esperientzia traumatiko bizi izan ditu, indarkeriaren eraginez: Gerra Zibila, diktadura frankista, ETAren terrorismoa eta legez kanpoko kontraterrorismoak".
Nazio izaeraz: "Euskal Herria nazio da horrela aitortzen eta identifikatzen duelako bere herritarren gehiengo batek eta, gainera, zuzenbide konparatuan ezarritako parametro guztiak betetzen dituelako".
Gizon-emakumeen arteko berdintasunaz: "Euskal gizarteak bere egiten du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna gauzatzeko bizitzaren esparru guztietan, garapen iraunkorraren oinarrizko zutabe gisa eta gizarte aurreratuago eta bidezkoago bat lortzeko, emakumeen aurkako indarkeria forma oro desagerrarazi dadin".
Erabakitzeko eskubideaz: "Kontua da euskal herritarrek beren borondate kolektiboa erabakitzeko, adierazteko eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna aitortzea".
Espainiako Estatuarekiko harremana: "Estatuarekin harreman eredu berri bat eratuko da, alde bikoa, berdinen artekoa, elkarrekiko errespetuzkoa eta aitortzazkoa, izaera konfederalekoa".
Bi euskal alderdien babesa soilik jaso du proposamenak. Hasiera batean Ahal Dugu-k ere testuarekin bat egingo zuela zabaldu bazen ere, azken orduan boto partikularra emango duela iragarri du taldeak. "Nortasunen aniztasuna" ez errespetatzea eta "desberdinen arteko arrakala betikotu" nahi izatea egotzi die Ahal Dugu-k beste bi taldeei. "Testuak baztertu egiten ditu eduki sozialak eta berdintasunari dagozkionak, eta etorizuuneko asmoa zerrendatzera mugatzen da. Hau ez da guk eskatzen genuena", kritikatu du alderdiak.
Elkarrekin Podemosen boto partikularraren pasarte batzuk:
- "Identitate eta lurralde gaien lehentasuna: 23 puntutan hitz egiten da lurraldeari eta identitateari dagozkien gaien inguruan, eta izaera sozialeko gaiei buruz, berriz, bederatzitan".
- "Testu honetan hutsune ageriko bat dago, ez baita aipatu ere egiten erakundeen konpromisoa zerbitzu publiko unibertsal, doako eta kalitatezkoen existentziarekiko (...). Eskubide sozialak ez dira zerrendatu ere egin".
- "Egungo marko juridikoa errespetatu beharraren eta hura erabat gainditzen duen planteamendu bat egitearen arteko koherentzia falta da gaiaren muina".
- "Alderdiok adostu behar duguna da Euskadi zein termino juridiko, politiko eta sozialetan den konpartitua, denok elkarrekin bizi ahal izateko euskal herritarren bizimodua hobetzen jarraitzeko. Eta Euskadi hori ez da dokumentu batetik eta bestetik hartutako esaldien collage bat. Proiektu konpartitua da".