Gasteizen egin duten bilerara sartu aurretik esan du Nikolasek Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri esan nahi diotela aurtengoa urte garrantzitsua izango dela erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean. Lan hori "guztion" egitekoa dela esango diola iragarri du, gainera: "Erabakitzeko eskubidea guztiontzako behar dugun erreminta da. Horregatik, egin beharreko bideak denon artean landu behar ditugu".
Erabakitzeko eskubidea "edukiz janzteko" asmoa du aurten Gure Esku Dago-k, uste baitu urte oso garrantzitsua izango dela alor horretan. Erabakitzeko eskubidea, gainera, "elkarbizitzarako epe luzerako erreminta" dela esan du. "Euskal herritar gehienak erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde daude".
Era berean, gogora ekarri du ekainaren 10erako mobilizazio handi bat antolatzen ari dela GED. Mobilizazio hori Gasteizen amaituko dela aurreratu du. Larunbatean dira mobilizazio hori aurkeztekoak.