ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mosaikoa osatu dute 10.000 lagunek Zurriolan

Gure Esku Dago dinamikak antolatu du Donostiako Zurriola hondartzan eginiko ekimena, eta hasieran helburu gisa ezarritako jende kopurua bikoiztu du. Angel Oiarbidek normaltzak jo du erabakitzeko eskubidea, eta Euskal Herrian pausoak ematen jarraitzera deitu du.

Gure Esku Dagok antolatuta Zurriolan eginiko mosaikoa. Kataluniako eta Eskoziako banderez gain, hautetsontzi bat irudikatu dute. GURE ESKU DAGO
2014ko azaroaren 8a
07:46
Entzun

Donostiako Zurriola hondartzan osatu dute mosaikoa gaur. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak 5.000 lagun biltzea zuen helburu, baina motz geratu zaio aurreikuspena; 10.000 lagunek hartu dute parte.

Eskoziako eta Kataluniako banderak irudikatuz, lehenei zorionak eta bigarrenei animoak bidali nahi izan dizkiete horrela. Ondoren, hautetsontzi baten irudia ere osatu dute. Amaieran, Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak esan du herritarren parte hartzea sustatzen bada herritarrek parte hartzen dutela. Mosaikoa "ikaragarritzat" jo du, eta eskerrak eman ditu.

"Ikusten ari da erabakitzeko eskubidea ez dela ezer arraroa", esan du Oiarbidek. Azaldu du euskal herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenean urratsak egiten ari direla —Etxarri Aranazko eta Arrankudiagako galdeketak eta ekaineko giza katea izan ditu gogoan— eta pausoak ematen jarraitzera deitu du: "Pauso denak dira inportanteak eta norabide horretan segitu behar da". Eszenatoki "normala" lortzeko gakoa herritarren esku dagoela gaineratu du.

Atzerapenarekin sartu dira hondartzara, bildutako jendetzaren eraginez; ordubetetik gora behar izan dute elkartutako jendetza hondartzan sartu eta mosaikoan nork bere lekua hartzeko. #basquesdecide traolarekin egin dute jarraipena sare sozialetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.