Erabakitzeko eskubidearen "erabilera maltzurrek" izan dezaketen arriskuez ohartarazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eusko Legebiltzarraren gaurko osoko bilkuran. Adierazi duenez, "Euskadiren autogobernua indartzeko eta areagotzeko" erabaili nahi du Jaurlaritzak erabakitzeko eskubidea, baina haren okerreko erabilerak aukera hori "zapuztu" dezake. EH Bilduren eta PPren galderen harira egin ditu adierazpen horiek.
Erabakitzeko eskubidearen "printzipio demokratikoa" eta legediarekiko errespetua uztartzearen alde agertu da Urkullu. Nabarmendu duenez, euskal gizarteak izan behar du estatutu berri baten onarpenaren gaineko azken hitza, eta era horretan gauzatu erabakitzeko eskubidea, era "legezko eta adostuan". Erabakitzeko eskubidearen ariketa arautzea beharrezko jo du lehendakariak, haren "mugak, baldintzak eta gehiengoak" zehazteko.
EH Bilduren iritziz, Urkulluren proposamenak "edukiz hustu du" erabakitzeko eskubidearen kontzeptua. Maddalen Iriarte legebiltzarkidearen esanetan, eskubidearen "karikatura" egin du Urkulluk. "Agian izango da Jaurlaritzan kide duzuen PSEk erabakitzeko eskubidea hauteskundeetan gauzatzen dela diolako. Orduan ere bai; baina badakigu zertaz ari garen".
Urkulluk EH Bilduri bezala, PPk Urkulluri ohartarazi dio erabakitzeko eskubidearen erabileraz, eta nabarmendu du hura aldarrikatzen tematzearen ondorioz, egun duten erabakitzeko ahalmena gal dezaketela Araba, Bizkai eta Gipuzkoak. PPk adierazi du EAJren jarrerak arriskuan jarri duela alderdiak Jaurlaritzaren aurrekontuei babesa emateko aukera, eta, beraz, kolokan egon daitekeela gobernuaren "egonkortasuna".
Espetxe politika
Espainiako Gobernuak espetxe politika alda dezan, zein neurri bultzatzeko asmo duen galdetu dio, bestalde, EH Bilduk Urkulluri. Lehendakariak gaitzetsi egin du euskal presoen urruntzea eta adierazi du "ulergaitza" dela "baldintza politiko" gisa erabili nahi izatea. Gaineratu duenez, ez du oinarri politikorik, ezta etikorik eta legezkorik ere.
Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritza "aspaldi" ari dela espetxe politika aldaketa bat lortzeko lanean, eta Espainiako Gobernuari horretarako "proposamen zehatzak" aurkeztu dizkiola aipatu du.
ETAren amaierarekin aukera berriak sortu daitezkeela nabarmendu du Urkulluk. Ildo horretan, gogora ekarri du Bertizko adierazpenean beharrezko jo zuela ETAren iraganari buruzko irakurketa kritiko bat egitea eta espetxe politika testuinguru berrira egokitzeko eskatzea. Proposamen horiek parlamentuan onartzea proposatu du, ondoren, bi akordio horiek Espainiako Gobernuarekin eztabaidatzeko.