Eusko Irratiko zentro arteko batzordeak deituta, 24 orduko lanuztea egiten ari dira Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta EITB Musikan. Greba deialdia babestu dute ELAk, ESK-k eta CCOOk; LAB izan da mobilizazioarekin bat egin ez duen sindikatu bakarra. Grebak "erabateko arrakasta" izan duela nabarmendu du zentro arteko batzordeak.
Une honetan, halaber, EITBko administrazio kontseiluko bilera egiten ari dira. Eta zentro arteko batzordeak administrazio kontseiluari eskatu dio 30 lanposturen amortizazioa dakarren akordioa bertan behera uzteko, eta ez dadila aurkeztu iragarritako enplegu erregulazio espedientea.
PSE-EEk eskatuta, Iturbe kargutik kentzearen inguruan bozkatu dute administrazio kontseiluko bileran. Soilik PSE-EEk eta PPk bozkatu dute kargu gabetzearen alde. Kontra azaldu dira EAJko sei kideak, Eusko Ikaskuntzakoa eta Euskaltzaindiakoa. Kontsumo elkartekoa eta LABekoa abstenitu egin dira. Eta EH Bilduko lau kideek ez dute parte hartu bozketan.